Rafah ekialdea inguratuta dauka Israelgo armadak

Hiriko errepide nagusiaren kontrola hartu dute militarrek. NBEren Batzar Nagusiak bozketa egin du eskatzeko Palestina Segurtasun Kontseiluko eskubide osoko kide aitortzeko, eta baiezkoa gailendu da.

Israelgo armadako tankeak, Israel hegoaldean, Gazako mugan, atzo. ABIR SULTAN / EFE
Israelgo armadako tankeak, Israel hegoaldean, Gazako mugan, atzo. ABIR SULTAN / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 10a
15:50
Entzun

Nazioarteko abisuei entzungor egiten jarraitzen du Israelek, eta ez du Rafahn atzera egiteko asmorik. Horren erakusle da, hain zuzen, Israelgo armadak Gaza hegoaldeko ekialdea eta mendebaldea zatitzen dituen errepide nagusiaren kontrola hartu duela gaur goizaldean; eta, ondorioz, tankez inguratuta geratu da Rafah ekialdea. Reuters berri agentziak jakinarazi duenez, bonba eta tiro hotsak ere izan dira gaur, eremu horretan borrokan ari baitira soldadu israeldarrak eta miliziano palestinarrak.

Tel Avivek iragan astelehenean eman zuen Rafah ekialdea husteko agindua, eta, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, ordutik eremu horretan babes hartzen zuten 110.000 gazatarrek egin dute alde zerrendako beste lurralde batzuetara. Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du Rafahren aurkako ofentsibak «zenbait egunerako etenda» utziko duela zerrendara bideratutako laguntza humanitarioa, orain arte Rafahko pasabidea izan baita gehien baliatu dutena Gazara elikagaiak, osasun baliabideak eta bestelakoak eramateko.

Rafahren aurkako lehorreko ofentsiba justifikatze aldera, Israelek birritan esan du ezin duela gerra irabazi eremu horretan «aurrera» egiten ez badu. Tel Aviven arabera, zerrenda hegoaldean «hartzen dute babes» Hamaseko milizianoek, eta uste du hor egon litezkeela oraindik organizazio islamistaren esku dauden gatibuak. Nazioarteko erakundeek ohartarazi dute, ordea, «milaka palestinar zibilen bizitzak arriskuan jarriko» lituzkeela halako eraso batek, zerrendan «inoizko sarraskirik handiena» eragiteraino.

AEB Ameriketako Estatu Batuak izan dira gisa horretako abisuak ematen azkenak. Hango presidente Joe Bidenek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri mehatxu egin zion herenegun, eta esan zion Washingtonek ez ziola Tel Avivi ofentsibarako armarik bidaliko Rafahri lehorrez eraso egiten badio. Netanyahuk, ordea, bereari eutsi dio. «Beharrezkoa bada, Israelek gure azazkalekin egingo du borrokan», esan zuen atzo gauean. Hori bai, Israelgo gobernuburua jakitun dago Rafahko operazioak bi aliatuek aspaldian izan duten desadostasunik handiena eragin duela, eta, horren harira, esan du espero duela «desadostasun horiek gainditzeko gai izatea».

Era berean, oraingoz ez da adostasunik su etenerako negoziazio mahaian parte hartzen ari direnen artean. Bitartekariak —Egipto, Qatar eta AEBak— eta borrokan ari diren bi aldeak —Israel eta Hamas— Kairon bildu dira asteon, baina hiru egun iraun duen eztabaida saioa akordiorik gabe bukatu zen atzo. Aste hasieran, Hamasek baiezkoa eman zion Israelek joan den astean proposatutako meniari, baina Tel Avivek esan du testuari «onartu ezin dituzten zenbait aldaketa» gehitu dizkiola organizazio islamistak. Bitartekari lanari eutsiz, Egiptoko Atzerri ministro Sameh Xukrik «malguagoak» izan daitezela eskatu die bi aldeei.

UNRWA, berriro jopuntuan

Hainbat herritar israeldarrek su eman diote gaur UNRWAk Jerusalem ekialdean duen egoitzari. Erakundeko zuzendari Philippe Lazzarinik jakinarazi duenez, zenbait langile egoitzan zeuden erasoa egin dutenean, baina ez da egon ez hildakorik, ez zauriturik. Hori bai, salatu du egoitzan «kalte handiak» eragin dituela. «Oso gertaera larria da. Beste behin, NBEko langileen bizitzak arrisku handian egon dira».

Erakundearen egoitza horren aurka asteon egin duten bigarren erasoa izan da gaurkoa, eta, horregatik, behin-behinean egoitza ixtea erabaki du Lazzarinik. X sare sozialean idatzitako mezu baten bitartez eman du gertatutakoaren berri, eta salatu du langileek itzali behar izan dutela sutea, Israelgo suhiltzaileek eta Poliziak «denbora asko» eman dutelako hara iristeko.

Erasoa gaitzetsi du EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek, eta Israeli esan dio bere «ardura» dela langile humanitarioen «segurtasuna» bermatzea.

Palestinari baietz

NBEren Batzar Nagusiak bozketa egin du, gaur, eskatzeko Palestina NBEko eskubide osoko kide aitortu dezatela Segurtasun Kontseiluan —gutxienez batzarreko bi herenek egin behar dute alde proposamen batek aurrera egiteko—, eta baiezkoa gailendu da. Alde bozkatu dute 143 herrialdek, bederatzik aurka bozkatu dute, eta 25ek abstentzioa eman dute.

Horiek hala, aurrerantzean Batzar Nagusian proposamenak eta erreformak aurkezteko ahalmena izango du Palestinak. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi Palestina dagoeneko NBEko Segurtasun Kontseiluko eskubide osoko kide denik; baizik eta Batzar Nagusiak Palestina eskubide osoko kide aitortzeko gomendatzen diola kontseilu horri.

Gehiengo handi batek egin du Palestinaren estatusa aldatzearen alde, eta, horren harira, herrialde horiei «Hamaseko terroristei sari bat» ematea leporatu die Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.