Israelek Gazako erretiratzea hasi zuenetik itxita zegoen Rafako pasabidea. Porturik gabe proiektua badago, baina ez dira lanean hasi eta Gazako nazioarteko aireportua itxita, palestinarrek Israeldik igaro behar zuten, derrigorrez, atzerrira joan ahal izateko. Galdeketak erantzun behar izatea eta asteak itxaron behar izatea esan nahi zuen horrek haietako askorentzat. Atzoz geroztik, baina, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku dago Rafako pasabidea. Gaurtik aurrera egunean lau orduz irekiko dute. Aurrerago, EB Europako Batasunetik begirale gehiago iristen direnean, muga denbora gehiagoz irekitzea da PANen xedea. «Orain aske sentitzen gara. Lehen kartzela batean bizi ginen», esan zuen muga pasatzeko zain zegoen Fathia Naiar 55 urteko palestinarrak.
Ekintzaileek Egiptotik armak eramango zituzten beldurra aipatzen zuen Tel Avivek PANek edo nazioarteak Rafako atea irekitzeko eskatzen zion bakoitzean. Asteetan zehar negoziatu ostean, azaroaren 15ean hitzartu zuten urtebete iraungo duen akordioa. Haren arabera, muga igaro nahi dutenak ezin izango dituzte sei orduz baino gehiagoz geldiarazi. Pasabidea palestinarren esku egongo den arren, israeldarrek eta Europako Batasunetik joandako segurtasun indarrek muga gainbegiratuko dute Kerem Shalomgo kuarteletik, kameren bidez. EBko segurtasun indarrek muga pasa nahi duten oinezko eta ibilgailuak geldiarazi ahal izango dituzte, zerbait susmagarria aurkituz gero. Israeldarrek, berriz, izango dute bidaiari jakin batzuei igarotzeko eragozpenak jartzeko aukera, baina ezin diete muga igarotzea debekatu. Dena den, Egiptotik inportatzen diren produktuak Kerem Shalomgo kontrolgunetik igaro beharko dituzte.
'Itxaropenaren hasiera'
Rafako pasabidea, itxaropenaren hasiera lelopean zabaldu zuten pasabidea. PANeko presidente Mahmud Abbas izan zen muga igarotzen lehena. «Amets bat da hemen egotea, gure eta gure anaia egiptoarren arteko harremanak ahalbidetuko dituen Rafako terminalaren irekiera ospatzeko», adierazi zuen Abbasek. Haren esanetan, estatu palestinarra sortzeko lehen pausoa izan zen atzokoa. «Palestinar herriaren borrokari, erresistentziari, pertseberantziari eta askatasunerako bidean beren bizia eman zuten martiriei esker ireki da Rafako pasabidea». Mugaren irekieraren ondoren, Gazako portua eraiki beharko dela, eta Karniko eta Erezko pasabideak palestinarren kontrolpean utzi beharko dituztela gogorarazi zuen PANeko presidenteak. «Gaza lehena besterik ez da, urratsek Zisjordaniaraino iritsi behar dute».
Abbasez gain, irekiera ekitaldian izan ziren Egiptoko zerbitzu sekretuetako arduradun Omar Suleiman, Laukotearen NBE, EB, AEB eta Errusia ordezkari James Wolfensohn eta EBko Ekialde Hurbilerako ordezkari Mark Otte ere. Azken horrek estatu palestinar independentea sortzearen alde hitz egin zuen: «Zuen herriaren askatasun eta duintasunaren alde borrokatu zarete palestinar guztiak. Estatu Palestinarra sortzeko aukeratu dituzuen bideen alde gaude»Hamaseko buru Mahmud al Zahar ere Rafan zegoen atzo, baina argi utzi nahi izan zuen bera han egoteak ez zuela esan nahi erakundea bake negoziazioen alde zegoela. Hamasen arabera, negoziazioak alferrikakoak dira. Okupazioarekin jarraitu ahal izateko, «kezko gortina bat» jarri nahi izatea leporatzen diote palestinar askok Israeli. Haien ustez, israeldarrek Zisjordaniako kokaguneak handitu zituzten eta banaketa hesia eraikitzen jarraitu zuten, nazioartea erretiratzeari begira zegoen bitartean. Orain arte, palestinarrek asteak hilabeteak, maiz itxaron behar zituzten muga igaro ahal izateko. Batzuetan, hala ere, ezin izaten zuten igaro. Ondorioz, Gazako 1,3 milioi palestinarrek oztopo handiak zituzten lan egiteko edo unibertsitaterako joateko. Bestalde, batzuen ustez, Israel edozein aitzakiaz baliatuko da muga berriz ixteko. «Jihad Islamikoak erasoren bat egiten badu, Tel Avivek negoziazioak etengo ditu», zioen Fahmi Shurrab 29 urteko irakasle palestinarrak.
Rafako pasabidearen gaineko kontrola hartu dute palestinarrek
Porturik gabe eta aireportua itxita, Rafako muga da palestinarrek nazioartera ateratzeko duten bide bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu