Espainiako gobernabidea

Rajoy: "Ez dago lekurik anbiguotasunerako: herri subirano bakarra herri espainiarra da"

Rajoy ez badute inbestidura saioan aukeratzen, bi aukera jarri ditu mahai gainean: hauteskundeak hirugarrenez egitea edo "mila koloreko gobernua, erradikala eta eraginkortasunik gabea" osatzea.

Mariano Rajoy, Espainiako Kongresuan eginiko hitzaldian. EMILIO NARANJO / EFE
jon olano
2016ko abuztuaren 30a
07:49
Entzun

Gehiengo absolutura heltzeko sei diputaturen faltan igo da Mariano Rajoy PPko presidentegaia Espainiako Kongresuko hizlarien tribunara. Ia ordu eta erdiko hitzaldia egin du, bereziki Ciudadanosekin eginiko akordioa babesteko eta gobernua osatu ezean hirugarren aldiz hauteskundeak egingo direla ohartarazteko.

Gobernua osatzeko beharraz jardun du hizketaldiaren lehen zatian, baina ñabartu du ez dela nahikoa "edozein gobernu" osatzea. Azaldu du Espainiako Estatuko herritarrek gobernu "egonkorra, iraunkorra eta lasaigarria, indartsua eta hipotekarik gabea" nahi dutela, eta erantsi du horren aurrean dagoen alternatiba bakarra "mila koloreko gobernua, erradikala eta eraginkortasunik gabea" dela. Hiru puntutan laburbildu du mezua: "gobernu eraginkorra behar da, presaz; jendeak PP lehenetsi zuen; eta eta dago alternatiba arrazoizkorik".

Gobernua "halabeharrez akordio zabal batean" oinarritu behar dela esanda, Rajoy "jakitun" azaldu da ez duela nahikoa babes gobernua osatzeko, baina balioetsi egin du Ciudadanosekin eginiko akordioa. Akordioa aletu du, bereziki ekonomiaz hitz eginez. Esaterako, enplegua jarri du akordioaren ardatzean, besteak beste autonomoen kotizazioari buruzko erreforma bat eta lan kontratuak hirura murriztea aginduz. Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga jaisteko konpromisoa ere adierazi du: bi puntu jaitsiko du zerga hori "defizita %3tik behera jaitsi bezain azkar".

Zerbitzu publikoen alorrean, Rajoyk nabarmendu du estatuak gastatzen dituen 100 eurotik 63 gastu sozialera bideratzen dela, eta akordio bat proposatu dio PSOEri, autonomia erkidegoek eskainitako zerbitzu publikoetan "espainiarren berdintasuna" berma dadin. Halaber, hezkuntza alorrean akordio bat egitea eskaini dio.

"Herri burujabe bakarra, espainiarra"

Kataluniako prozesu subiranistaz ere zenbait minutuz mintzatu da presidentegaia, hura baita, Rajoyren hitzetan, "Espainiaren erronka larriena". Prozesu hori "elkarbizitzaren" eta Espainiako Estatuaren "osotasunaren" aurkakoa delakoan, akordioan "konstituzioaren defentsa" hartu dute aintzat: "Katalunia erkidego heterogeneoa da, politikari independentistak baino askoz gehiago da, eta politikariek ezingo lukete prozesu hori aurrera eraman gizarte katalanean haustura sakon bat eragin gabe".

Irmo azaldu da: "Ez dago anbiguotasunerako lekurik: herri subirano bakarra herri espainiarra da". Haren ustez, eztabaida ez da "estatu ereduari" buruzkoa, "burujabetza nazionalaren likidazioari" buruzkoa baizik. Horren kontra agertu da: "Espainiarren eskubideez ari gara. Lehen eskubidea da beren nazioari buruz erabakitzea". Rajoyk azpimarratu du Espainia "Europako nazio zaharrena" dela: "Mendeak daramatzagu gure odolak eta patuak nahasten".

Hirugarren aldiz hauteskundeak egitea saihesteko eskatuz amaitu du hitzartzea: "Oposizio bat egon behar da gobernua kontrolatzeko. Baina oposizioa egoteko, gobernu bat behar da".

Asteazkenean lehen bozketa

PP, Ciudadanos eta CCren babesa ziurtatuta, aldeko 170 boto jasoko ditu Rajoyk inbestidura saioko lehen bozketan. Gehiengo absoluturako sei boto falta ditu. Gainerako alderdiek esana dute ez diotela bozik emango Rajoyri, eta, beraz, ez du babesik lortuko. Horrela izatekotan bigarren bozketa egingo litzateke ostiralean, eta han, 170 baiezko boto horiez gain, 11 abstentzio behar ditu PPk. Halakorik lortuko ez balu, bi hilabeteko negoziazio fasea irekiko litzateke, eta denbora horretan konponbiderik aurkituko ez balute, hirugarren aldiz hauteskundeak egingo lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.