"Edozeinekin" gobernatu nahi du Pedro Sanchezek, Rajoyren irudiko. Mozioa aurrera ateratzeko bi aukera jarri dizkio mahai gainean: Podemosekin eta Ciudadanosekin adostea, edo bestela talde txikiagoekin egitea. Bigarren multzo horretako alderdiak zerrendatu dituenean, handik kanpo utzi du EAJ. Bi aukerak "bideraezinak" dira PPren buruaren arabera.
Rajoyk argi du, "zentsura mozioa txarra da Espainiarentzat, eta txarra da espainiarrentzat". Azpimarratu du gobernuak onartu berri dituela aurrekontuak, eta beraz bermatua duela egonkortasuna. Gainera, Katalunian 155. artikulua aplikatua duen gobernua izaki, egoera konplikatua dela ohartarazi du, eta orain PP gobernutik kendu eta PSOE jartzea "egonkortasunaren kontra" egitea dela.
Sanchezek kosta ahala kosta izan nahi du gobernuburu, Rajoyren arabera. Izan ere, Espainiako bozetara bi aldiz aurkeztu eta haiek galdu ostean, "politikan bere lekuaren bila" ikusten du. Haren beharrei erantzuten die mozioak, Rajoyren irudiko, eta "edozeinekin" gobernatzeko prest egotea aurpegiratu dio, behin eta berriz.
Mozioa aurkezteko emandako argudioak, gainera, "faltsuak" dira gobernuburuaren esanetan, Gurtel auziko epaia ez delako irmoa, boto partikular bat dagoelako, egungo gobernuko inor ez dutelako zigortu, eta PP ardura zibilagatik zigortu duelako eta ez ardura penalagatik.
PPk sinesgarritasuna ez al duen galdu galdetu diote kazetariek, eta erantzun du ea nork ematen duen sinesgarritasuna herritarrek ez bada: PPk 134 diputatu dituela, eta PSOEk 84.