Eskutitza Kataluniako presidente Carles Puigdemontek, Kataluniako presidenteorde Oriol Junquerasek, parlamentuko presidente Carme Forcadellek eta Bartzelonako alkate Ada Colauk sinatu dute, eta Financial Times egunkariak publiko egingo duela aurreratu dute Kataluniako zenbait hedabidek.
Kataluniako agintariek defendatu dute arazo politikoak "elkarrizketaren eta negoziazioaren ondorio diren proposamen politikoen bidez" konpontzen direla, eta horixe galdegin diote Espainiako Gobernuari, eta, bereziki, Mariano Rajoy presidenteari. Eskutitzaren kopia bat Espainiako errege Felipe VI.ari ere bidali diotela argitu dute, "elkarrizketari uko egitea arazoak konpontzearekin bateraezina dela ulertzeko".
Kataluniak Espainiako Estatuarekin akordio politiko bat adosteko egin dituen saiakerak dakartza gogora testuak, eta estatuaren erantzuna bati ezezkoa izan dela nabarmentzen du. Egoera horretan Kataluniako Gobernuak arazoa "autodeterminazio erreferendum" baten bidez konpontzea proposatzen duela azaldu dute sinatzaileek.
Horrez gain, Kataluniako Gobernuaren erabakiari Espainiako Estatuak "errepresio erasoaldi" batekin erantzun izana gaitzetsi dute. Aldiz, agintariek ohartarazi dutenez, "eztabaidaezina da erreferenduma egiteko Kataluniako gizartearen babesa". Horren adierazle aipatzen dituzte azken urteetako mobilizazio jendetsuak, "nazioarteko prentsak zibismo eredu gisa goraipatu" dituenak.
"Elkarrizketarako gure prestutasuna erabatekoa izan da, da eta izango da", ziurtatu dute eskutitzaren amaieran.