Protestak herrialde arabiarretan. Libia

Ramadana gazi-gozo joan da

Muammar Gaddafik 'Plaza Berdea' deitu zuenari izena aldatu diote matxinoek, eta Martirien plaza deituko diote orainSurt larunbaterako errenditu ezean, «eraso gogorra» agindu dute Misratako gerlariek

Jendetza Tripoliko Martirien plazan, Gaddafik Plaza Berdea deitu zuenean, Ramadana amaitu osteko lehen otoitzaldian. KARLOS ZURUTUZA.
Tripoli
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Martirien plazan gaudela jakin berri dugu. Asma Mohamed gazteak dio bertan burutzen zituztela italiarrek euren exekuzioak. Ia ehun urte geroago, Muammar Gaddafi irudikatzen duen txotxongiloa besterik ez dago zintzilik, plaza erdian paratutako garabi batetik.

Munduko musulman guztiak Aid el Fitr —Ramadanaren bukaera— ospatzen ari dira. Hiru egunez luzatzen den jaialdia atzo gauean hasi zen, aurtengo baraualdia hausten duen otordua bukatzean. Jarraian, jende askok Martiren plazara jo zuen.

«Nire bizitzako Aid zoriontsuena da hau, askatasunean ospatuko dudan bakarra», zioen 40 urteko Falazek. Seniderik ez du galdu gudan, bai, ordea, ezkerreko begia. «Mendietako gerlarientzako dirua biltzen harrapatu ninduten Gerianen, nire herrian», azaldu du gizonak. Edonola, «barkatzeko prest» dagoela dio. Hala beharko luke Aid-en.

Harrigarria bada ere, ez da tiro hotsik entzuten Martirien plazan gaur. Plaza patruilatzen duen kamuflajez jantzitako talde bat arduratzen da horretaz. Joan zen astelehenean, hain zuzen, ospakizun-tiro batek garabian zegoen 11 urteko gazte bat hil zuen. Eta ez da hori, inola ere, gerlarien entusiasmoak eragin duen istripu bakarra azken hilabeteotan.

Plazaren sarbideetan Gaddafiren erretratuak eta bandera berdeak zabaldu ziren. Lehenagoko errejimeneko oroigarriak gogotik zapaldu ez ezik, batzuek egunotan maiz entzundako txisteari eusten zioten: «Hor al zabiltza, Gaddafi? Atera zaitez, zain gauzkazu eta!», zioen gizon batek estolderia-tapa bat lurretik altxatzean. «Saguak deitzen zigun. Zein dabil ezkutuan orain?».

Misratako gerlariak ere bertaratu ziren asteazken gauean Martirien plazara. Erraz bereizten dira besteengandik: balen kontrako txalekoak daramatzaten ia bakarrak dira, eta euren gerra-ibilgailu beltzak identitate ikur bilakatu dira. «Zain gaude denok. Surt [Gaddafiren jaioterria] datorren larunbaterako errenditu ez bada, harantz jo eta gogor erasotuko dugu», esan zion BERRIAri Abdulhakim izeneko soldadu batek, Londresen jaiotako misratarrak.

Bertakoak eta kanpokoak

Martiren plazatik apenas behar diren bost minutu Tripoliko alde zaharrera iristeko. Kanpotarrak omen dira bertako gehienak: «Alboko taberna honetan elkartzen diren guztiak egiptoarrak dira. Atzo arte Gaddafiren jarraitzaile sutsuak ziren; egun, ordea, iraultzaren alde daudela diote denek», dio Ramzan dendariak, bere bazarreko zapata postutik.

Egiptoarren tabernan Ejub turkiarrarekin egin dugu topo: «Dagoeneko bost urte eman ditut Libian, eraikuntzako langile. Gaddafik oso gauza onak egin zituen, baina burua galdu zuen bukaeran. Ezin zaio tiroka erantzun bere eskubideak aldarrikatzen dituen jendeari», esan digu Itsaso Beltzeko gizonak.

Ramadaneko azken gauak luze jo zuen, dantza eta kanta abertzaleen artean. Ala u akhbar (Jainkoa handi da) makina bat bider entzun genuen tiro hotsen artean, betiere plazatik kanpo. Asko ziren hurrengo eguneko Aid el Fitr-eko lehen otoitzaren ondoren ohera joan zirenak.

Baina beste askok, nekatuegi ez zeudenek, Baba al Azizijara jo zuten, atzo arte Gaddafiren gotorlekua izan zen konplexu erraldoira. «Oraindik ametsetan nagoela uste dut. Izan ere, ezin genuen ezta konplexu honen alboko kaleetatik igaro ere», dio Hatipek, pozarren.

Aurki haserretuko da, ordea. «Gaddafik haima batean bizi zela zioen beti; hau al da bere denda xume hura?», dio 34 urteko emakumeak, estalitako igerileku bati so. Milaka libiar sartu dira egunotan Gaddafitarren erraustutako etxeetan. Nolanahi, oraindik aurki daitezke hainbat oroigarri bitxi erraustutako hondakinen artean.

Gazte batek Aishak —Gaddafiren alabak— bere izebari idatzitako postal bat aurkitu du, eta armadako domina bat beste batek. Txilabaz jantzitako gizon batek ate astun bat erautsi eta bere autoen gainean paratu du. Badoa.

«Nire hiru bizilagun hil zituzten duela hamar egun. Txadeko hiru gizon atxilotu dituzte, baina beste bat, libiarra, aske dabil. Denok dakigu zein den», zioen Manad Zlitani izeneko gazteak, Gaddafik Zanga zanga diskurtso famatua bota zuen toki beretik, hain juxtu.

Bestelako ospakizunak?

Ugariak dira horrelako salaketak. Eta ahoz aho ibiltzeaz gain, hiriko paretetan aurki daitezke ustezko gaizkileen izen nahiz erretratuak, bai eta check point-etan banatutako fotokopietan. Haietan, bosgarren zutabe deiturikoen erretratuak ikus daitezke. Horiexek ei dira Gaddafiren «azken gerlariak» Tripolin.

«Atzo bonba-auto batek egin zuen eztanda Tripoli ekialdeko meskita batean. Zorionez ez zen hildakorik egon», entzun dugu taxi batean. Baieztatu ezin izan badugu ere, horrelako zurrumurruek zera adierazten dute, jendea urduri dagoela.

Libian gaudenetik kontrol zorrotzenak ikusi ditugu azken bi egunotan: autoak gogoz miatzen dituzte, bai eta kazetarion poltsak ere. Gaddafi boterera iritsi zeneko 42. urteurrena gaur betetzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.