Igandean egin dituzte Kosovon legebiltzarrerako hauteskundeak, eta berretsi egin da inkestek aurreratzen zutena, alegia, Ramush Haradinaj gerrillari ohiaren alderdiak irabaziko zituela bozak. Boto guztiak oraindik zenbatu ez dituzten arren, ia hamar punturen aldea ateratzen dio Haradinajen AAK Kosovoren Etorkizunerako Aliantzak ezkerreko Vetevendosje aderdiari; botoen %25ekin geratu da hura bigarren tokian.
Datorren urtean beteko dira hamar urte Kosovok Serbiarekiko independentzia aldarrikatu zuela. EBko estatu kide gehienek onartua dute hura estatu burujabe gisa; ez, ordea, Errusiak eta Serbiak. Hain zuzen, azken horrek emana du Haradinajen aurkako atxilotze agindua, gerra krimenak egotzita.
Bestalde, hirugarren tokian geratu da orain arte lehen ministro izan den Isa Mustafaren LDK Kosovoko Liga Demokratikoa alderdia, botoen %25,8 eskuratuta. Hain zuzen ere, Mustafa izan zen bozak aurreratzeko erabakia hartu zuena, bere aurkako zentsura mozioa galdu ostean.