mundua

Raul Castro izendatu dute Kubako Alderdi Komunistako idazkari nagusi

Fidel Castro anaiaren lekukoa hartu du —hark 1965ean hartu zuen kargua—. "Sozialismoa perfekzionatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dut eta erregimen kapitalista gehiago ez itzultzeko", esan du agintari berriak.

2011ko apirilaren 19a
19:01
Entzun

Raul Castro (79 urte) gaur gaurtik aurrera Kubako Alderdi Komunistako idazkari nagusi, hala izendatu baitu alderdiko VI. Biltzarrak. Fidel anaiaren lekukoa hartu du.

1965ean hartu zuen idazkari nagusi postua Fidel Castrok (84 urte), baina kargua utzi egin zuen 2006an, gaixotasun baten ondorioz. Gaur biltzarraren bukaerako ekitaldian izan da, eta bertako mila kideen txaloak jaso ditu.

Larunbatean hasi zuten kongresua, Habanan, eta erreformekin aurrera segitzeko erabakia hartu dute. "Nire azken zeregin bezala, sozialismoa defenditzeko konpromisoa hartzen dut, hura perfekzionatzen jarraitzeko eta erregimen kapitalista sekula gehiago ez itzultzeko", esan du Raul Castrok ekitaldiaren amaierako hitzaldian.

 

Helburua Kubako ekonomia garatzea eta herritarren bizi maila handitzea da. Plana onartu arren, merkatuaren joerak aintzat ere hartuko dituzte aurrerantzean. Estatu sozialista izango da Kubako ekonomiaren sujetu nagusia, baina "atzerriko inbertsioen, kooperatiben, nekazari txikien, esplotazio baterako baimena dutenen, maizterren eta autonomoen ekarpena onartu eta bultzatu" egingo da, "eraginkortasunean lagunduko duten beste modu batzuekin batera".

Ekonomia plan berriarekin funtzionario kopurua murriztuko da Kuban, enpresa nazionalek autonomia gehiago izango dute eta "beharrezkoak ez diren dirusariak" kenduko dituzte. Raul Castrok kritika gogorra egin dio alderdiari eta dogmak kentzeko eskatu dizkie biltzarkideei. Gainera, kargu politikoen iraupena murriztearen alde agertu da, eta Kubako zuzendaritza karguetan jende gazteagoa sartzearen alde. Alderdiak bere egin ditu kritika horiek.

Alderdiaren zuzendaritza hamabost lagunek osatzen dute. Hamabi kide lehen bazeuden –Raul Castro barne—, hiru berriak dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.