Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Raxoi: «Europan, arazo izateari utzi eta irtenbidearen parte izango gara»

PPko hautagaiak krisia du lehentasun; ez da egongo hortik «arreta galaraz» dezakeen «banaketa artifizialik»

Samara Velte.
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi PPko hautagaiak ez du hauteskundeetako emaitza guztiak jakin arte itxaron behar izan eskerrak ematen hasteko. Botoen %90 zenbatuta zeudela eman zuen lehen diskurtsoa atzo iluntzean. Orduan adierazitakoaren arabera, «heldutasun demokratikoaren» erakusle izan da «milioika espainiarrek» alderdi popularrari botoa eman izana. Bere hauteslentzako baino hitz gehiago izan ditu ordea, botoa eman ez diotenentzako: «Denen presidente izateko erabaki sendoa» daukala esan du, eta «ziurtatu» egingo duela «inor ez dadin betebehar komunetik kanpo sentitu».

Betebehar hori krisitik irtetean datza; horretarako, «autonomia erkidego guztiak hausnarketa partekatua» egitera gonbidatuko ditu. Raxoiren hitzetan, agintaldi berrian ez da «sektarismorik» egongo, ez eta «ahalegin komun horretatik arreta galarazi edo hura atzera dezakeen «banaketa artifizialik» ere.

«Espainiaren patua Europan» erabakitzen dutela ere esan zuen, eta «arazo izateari utzi eta irtenbidearen parte» izango dela.

Haize guztiak alde

Presidentetzarako bidea paseoan egin du Raxoik, haize guztiak alde zituela. Krisi ekonomikoak bietarako aitzakia eman dio: bere buruari horren ardura kentzearekin batera, PSOEri kudeaketa txarra leporatzeko balio izan dio. Alfredo Perez Rubalcabarekin alderatuta ia egurrik jaso ez duenez, kotoi artean sentitu da, hari ere lorerik bota ez dioten arren.

Raxoi ez da garaipenaren bila joan; garaipena etorri egin zaio. Hanka ez sartzea izan da kanpainan egin duen ahaleginik handiena; zarata gehiegi atera gabe egin ditu egin beharreko adierazpenak. Ez du ukitu hautsa harrotu lezakeen gairik, ETAk armak utzi izana, adibidez.

1989an sortu zenetik, elur bolaren gisan indartzen joan den itxura eman du PPk; 1996ko hauteskundeak gehiengo soilarekin irabazi zituen, botoen %39,18 eta 156 eserleku lortuta. Handik lau urtera, gehiengo osoz hasi zen gobernatzen; 183 eserleku lortu zituen urte hartan, ordura arte eskuratutako kopuru handiena.

Raxoi 2004ko bozetara begira izendatu zuten hautagai nagusi. Aldeko haizeaz jakitun, aurtengoan baino ahalegin txikiagoa egin zuen boto emaileak erakartzeko; 2004ko martxoaren 11ko atentatuek eta Espainiako Gobernuaren erantzun kaskarrak, ordea, zapuztu egin zioten garaipena. 2008ko bozetan indarra hartzen hasi zen berriro; PSOEk alde txikiz irabazi zion. Raxoiek ikasi du, ordea: «Zuhurrak entzun, ikusi eta isildu», dio esaerak, eta oraingoan funtzionatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.