Rio + 20 goi bilerarako txostenetik gai korapilatsuenak kendu dituzte

Greenpeacek salatu du testuak ez duela aurrerapenik ekarriko; gaur hasiko dute goi bilera

Erredakzioa
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
193 herrialdeetako negoziatzaileek amaitu dute NBE Nazio Batuen Erakundearen klimaren inguruko Brasilgo Rio + 20 goi bileran aurkeztuko duten txostena. Kostata bada ere, NBEko kide diren herrialde guztiek sinatu dute Nahi dugun etorkizuna izenez bataiatu duten testua. Brasilek aurkeztutako proposamena du oinarrian, baina, originaletik ezer gutxi geratu zaio txostenari. Izan ere, herrialde guztiak ados jartzeko modu bakarra gai korapilatsuenak testutik ezabatzea izan da, eta beraz, anbiziorik gabeko txostena izango da bileran aurkeztuko dutena, gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez. Greenpeace talde ekologistaren esanetan, «nekez ahalbidetuko du aurrerapenik».

Gaur hasiko da Brasilgo Rio de Janeiro hirian NBEren klimaren inguruko goi bilera. Hasi aurretik, ordea, porrota iragarri dute talde ekologistek, ez baita akordio handirik espero. 193 herrialdeek sinatu duten txostena hartu dute hori esateko argudio gisa, hasierako helburu eta asmoetatik ezer gutxi geratu baita azken testuan. Besteak beste, eztabaida ugari sortu dituen finantzazioaren gaia izan da adostasunaren izenean moldatu duten puntuetako bat. Herrialde txiroenek urteko 23.600 milioi euroko funtsa eratzea eskatzen zieten herrialde aberatsenei, garapen iraunkorreko proiektuak finantzatu ahal izateko. Proposamen hori, ordea, ez dute azken txostenean gehitzerik izan, herrialde aberatsenen oposizioa dela eta. Finantzazioa herrialde aberatsetatik txiroetara mugatzea saihesteko beste finantzazio iturri batzuk gehitu dituztela azaldu du Luiz Alberto Figuereido Machado Brasilgo negoziatzaileen buruak. Hori horrela, funts pribatuetara joko dute garapen iraunkorreko proiektuak sustatzeko, eta «erakunde aldeaniztunetara».

Ozeanoen erreskate plana ere ezabatu dute txostenetik, eta Greenpeacek gogor salatu du neurria, proposamenean zegoen «zentzuzko gauza bakarra» horixe zela nabarmenduz. Itsaso zabaleko espezieak babestea zen plan horren helburua, besteak beste, baina, AEBak, Kanadak, Venezuelak eta Errusiak proposamena atzera bota dutela kritikatu du erakunde ekologistak. «Nahi dugun etorkizuna hitzeman ziguten, eta orain kutsatzen duen makina bat baizik ez gara izango, lurra erreko duena, ozeanoak hustuko dituena eta oihanaksuntsituko dituena», adierazi du Greenpeaceko politika publikoen zuzendari Daniel Mittlerrek.

Hiri kutsatzaileenen akordioa

Bestalde, munduko 58 hiri kutsatzaileenak elkartu dira Brasilen,Rio + 20 goi bileraren harira. Gaur, hiri horietako alkateek gas kutsakorren emisioa murrizteko 4.500 ekimen onartzea espero da.

Berotegi efektuko gasen %12 isurtzen dute munduko 58 hiririk kutsakorrenek, eta kutsadura %20 murrizteko helburua ezarri diote euren buruari. Horien artean daude, Shanghai, Pekin, Mosku, Paris, Londres, New York, Chicago, Bartzelona, Sao Paulo, eta Rio de Janeiro, besteak beste. Gas kutsakorren emisioa txikitzeko beste hainbat ekimenen artean bizikletaren erabilera sustatzea, taxi berdeak indartzea, biogasa sortzea, eraikinen eraginkortasuna hobetzea eta eraikuntza iraunkorra bultzatzea proposatu dute.

Kiotoko protokoloaz geroztik, klima aldaketa geldiarazteko ekintza zehatzak izango dituen lehen itun globala izango da munduko hiririk kutsakorrenek gaur sinatuko dutena. Dena den, NBEtik kanpo egingo dute hitzarmen hori, eta hiriak ez dira akordioa betetzera derrigortuta egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.