Galdutako beste aukera bat. Sentipen horrekin amaitu dute, bart, Rio+20 NBE Nazio Batuen Erakundeak garapen iraukorrerako Brasilen eginiko goi bilera. Klima aldaketa geldiarazteko denbora amaitzen ari dela nabarmendu dute gizarte eragile nahiz ekintzaile ekologistek, baina goi bileran parte hartu duten 193 herrialdeetako ordezkariak ez dira ados jartzeko gai izan, eta gutxieneko konpromisoak baizik ez dituzte onartu. Hori horrela, hasierako helburuetatik urrun geratu da Rio+20 goi bilera.
Bilkura hastean, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ohartarazi zuen munduak ezin duela onartu denbora gehiago alferrik galtzeko «luxua», eta herrialdeetako agintariei norbere interesetatik haratago begiratzeko eskatu zien. «Pentsa ezazue etorriko diren belaunaldiengan». Dena den, goi bilera hasi baino lehen porrota iragarri zuten ekintzaile ekologistek. Izan ere, herrialde guztiek goi bileran aurkeztu duten txosten ofiziala sinatzekomodu bakarra testutik gai korapilatsuenak ezabatzea izan da, proposamena hezurretan uzteraino.
Hainbat gizarte mugimenduk bilera paraleloa egin dute Brasilgo Rio de Janeiro hirian, Herrien Goi Bilera izenpean. Mugimenduko ordezkariek munduko herrialdeetako agintariek erakutsi duten konpromiso faltarekin «frustratuta» daudela jakinarazi diote Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari goi bileraren azken egunean. Ofizialki aurkeztu duten dokumentuak ekologisten artean «etsipen sakona» eragin duela jakinarazi dio Iara Petrovsky Brasilgo ekintzaileak. Azken egunotan egin dituzten eztabaida eta bilkuretatik atera dituzten ondorioak ere helarazi dizkiote NBEko idazkari nagusiari.
Aldekoak eta kontrakoak
Dilma Rousseff Brasilgo presidentea izan da Nahi dugun etorkizuna dokumentu ofizialaren alde egin duten bakarrenetarikoa. Izan ere, Brasilek aurkeztu zuen proposamena. Klima aldaketa geldiarazteko presioa batik bat herrialde aberatsenen esku uzten duen printzipioa goraipatu du.
Gutxik partekatu dute, dena den, Rousseffen ilusioa. François Hollande Frantziako presidenteak argi eta garbi esan du gutxienekoen akordioa ez dela nahikoa. Proposamen horrekin ingurumen gaiek agenda globalean lekurik ez dutela izango salatu du. Eta iragarri du NBEn ingurumenaren agentzia bat eratu dadin lan egingo duela. Horixe izan da, hain justu, proposamenetik kendu duten puntuetako bat.
Txinaren hitzek ere etsipena eragin dute ekintzaile ekologisten artean, herrialdeen hazkunde eta garapen erritmoari ezin zaiola mugarik jarri adierazi baitu lehen ministroak. Wen Jiabaok gaineratu du zenbat eta gehiago garatu orduan eta aukera gehiago izango duela Txinak ekoizpen mota garbiagoetara trantsizioa egiteko.
Eztabaida ugari sortu ditu finantzaketaren gaiak, eta hori izan da adostasunaren izenean hasierako proposamenetik moldatu dituzten puntuetako bat. Herrialde txiroenek urteko 23.600 milioi euroko funtsa eratzeko eskatzen zieten aberatsenei, garapen iraunkorreko proiektuak finantzatzeko. Proposamena, ordea, ez dute azken txostenean gehitu, aberatsenen oposizioagatik. Ozeanoen erreskate plana ere ezabatu dute dokumentu ofizialetik. Hori horrela, defendatuko duen inor gabe geratu da Nahi dugun etorkizuna, guztiek sinatu duten txostena.
Rio, galdutako aukera
Gutxieneko konpromisoak hartuta amaitu da NBEk garapen iraunkorrerako Brasilen eginiko goi bilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu