Singapurren hil da 37 urtez Zimbabweko presidente izan zena. Tratamendua jasotzera joan zen hara apirilean Robert Mugabe buruzagi ohia, eta bertan hil da 95 urterekin.
1980an herrialdea Erresuma Batuaren menpetik askatu zenean heldu zen agintera Mugabe, eta hala jarraitu zuen 2017an Emmerson Mnagagwak estatu kolpea eman eta dimisioa ematera behartu zuen arte. Mugaberen presidenteordea zen Mnagagwa, baina haren eta estatuburuaren emazte Grace Mugaberen artean desadostasunak piztu ziren estatubuaren ondorengoa aukeratzeko orduan, eta Mugabek kargugabetu egin zuen bere bigarrena.
Egungo estatuburua izan da Mugaberen heriotzaren berri eman duena ere: "Bere jendearen askatasunaren alde eman zuen bizitza. Hark herriaren historiari emandakoa ez dugu sekula ahaztuko".
1924an jaio zen Rhodesian, eta 1964an espetxeratu zuten, epaiketarik gabe, orduko gobernuaren aurkako adierazpenak egiteagatik. Espetxean zela aukeratu zuten Zimbabweko Afrikako Batasun Nazionala mugimenduko buru. Hamar urteko kartzelaldia amaituta, Mozambikera egin zuen ihes, eta, handik, Rhodesiako Gobernuaren aurkako gerrilla erasoak bultzatu zituen, baina baita elkarrizketa prozesuak ere.
Zimbabwek 1980an independentzia eskuratu eta hauteskundeak lehen aldiz egin zituztenerako, askatasunaren ikur bilakatua zen Mugabe, eta erraz heldu zen lehen ministro kargura. Agintera heldu zenean bere gobernuaren helburu nagusia adiskidetzea izan zela esan arren, 1992an Lurra Eskuratzeko Legea onartu zuen, zeinaren bidez lur-jabe zurien esku zeuden eremuak desjabetu zituen.
Lege berriaren helburua lur horiek herritarren artean banatzea bazen ere, herrialdeko ekonomiak gain behera egin ahala, oposizioak egotzi zion presidenteari jabetzak bere gertukoen esku utzi izana. Horrez gain, desjabetzeek eragina izan zuten ekonomian, eta, herrialde aberatsa izan arren, nazioartera jo behar izan zuten elikagaiak eskuratu ahal izateko, izan ere lurj-abe berriek ez zuten baliabiderik eskuratu berri zituzten eremuak ustiatzeko.
Gainbehera
2008ko presidentetzarako bozen lehen itzulian, lehen aldiz, bigarren geratu zen Mugabe. Hauteskundeak, baina, irabazi egin zituen, haren aurkari nagusia, Morgan Tsvangirai, erretiratu ostean. Bi itzulien artean oposizioak salatu zuen Tsvangirairen jarraitzaileen aurkako jazarpen kanpaina egiten ari zela Gobernua, eta hori bera argudiatu zuen Tsvangiraik berak ere baldintza horietan bozak egitea "ezinezkoa" zela salatzeko.
Hilberritan askatzaile gisa aurkeztu duten arren, azken urteetan haren aurkako ahotsak ugariak izan dira. John Makumberen, Zimbabweko Unibertsitateko politika irakaslearen arabera, haren legatua suntsituta geratu da azken urteetako indarkeria eta agintean mantentzeko egindako esku hartzeen ondorioz. "Bere benetako kolorea erakutsi zuen. Hiltzailea zen. Bere aurkariak hil zituen".