Errepublikanoen artean, berriz, John McCain izan da garaile handia. Botoen %33 eta 19 ordezkari lortu ditu Hego Carolinan. Errepublikanoentzat garrantzi handia duen estatuan irabazi du Arizonako senatariak; izan ere, azken urteetan Hego Carolinan irabazi duten hautagaiek lortu dute presidentegai izatea. Romneyk, zein egun lasterketan aurretik doan, Nevadan irabaztearekin konformatu behar izan du. Botoen %51 eta 17 ordezkari lortu ditu han Massachussettseko gobernadorea izandakoak. Hiru estatutan irabazi du orain arte Romneyk: Nevadan, Michiganen eta Wyomingen. McCainek, berriz, bitan, New Hampshiren eta Hego Carolinan. Hala ere, biak hurrengo norgehiagokara begira jarriak dira, Florida erabakigarria izango delako otsailaren 5eko astearte handirako.
Rudolph Giuliani New Yorkeko alkatea izandakoa da Floridan irabazteko faboritoa, besteak beste estatuetan kanpaina egiten aritu diren bitartean, hura Floridan soilik aritu delako. Datorren astean egingo dituzte bozak estatu hartan, eta boto gehien lortzen duenarentzat izango dira ordezkari guztiak, 57 denera -berez, 114 lor zitzaketen, baina alderdiak zigortu egin ditu bozak aurreratzeagatik-. Horrek esan nahi du han irabazten duenak alde handia aterako diela beste aurkariei. Horiek hala, kanpaina gogorra ari dira egiten elkarren aurka.
KRITIKAK ETA GEZURRAK. Lehiak aurrera egin ahala, hautagaien jarrerak ere gogortuz doaz. Romneyk, esaterako, George Bushek hasitako bidea jarraitzea egotzi dio McCaini. «Washingtonen egin du ibilbide politiko guztia. Eta ez dut uste horrenbeste urtez Washingtongo zati izan den norbaitek aldaketarik ekarriko duenik». Giulianik, aldiz, nahiago izan du bere burua goratu, nabarmenduz bera delahautagai guztietatik kontserbadoreena.
Hala ere, kritika gogorrenak demokraten ahotik entzun dira, orain arte behintzat. Horien lasterketa ere gogortzen ari da egunetik egunera. Hego Carolinan aukeratuko dute asteburuan presidentegai demokrata. Obamak zerrenda orokorretan aurretik jarraitzen duen arren, bi estatutan galdu du, New Hampshiren eta Nevadan; ondorioz, garaipena behar du astearte handira sendo iristeko. Egun horretan AEBetako 22 estatutan egingo dituzte bozak, eta ziurrenik orduan erabakiko dituzte presidentegai izango direnak ere. Horregatik da horren garrantzitsua horietara indartsu iristea.
Otsailaren 5eko bozen aurretik, ordea, Hego Carolinaren txanda izango da. Han hautesleen erdiak baino gehiago beltzak dira, eta, beraz, Obama eta Clintonen kanpainak haiek ditu orain oinarri. Martin Luther King jaio zela 79 urte bete ziren egunean, igandean, haren aldeko hitzaldiak egin zituzten bi hautagaiek. Inkesten arabera, ordea, Hego Carolinako beltzen %59 Obamaren aldekoak dira, eta %31 Clintonen aldekoak.
Bestalde, bere inguruan zabaldutako zurrumurruei ere aurre egin behar izan die Obamak. Internet bidez zabaldutako mezuek zioten musulmana dela Illinoisko senataria, eta Koranaren gainean zin egin zuela kargua hartu zuenean. Hark, baina, ukatu egin du halakorik. «Eliza berera joan naiz azken hogei urteetan, eta familiako Bibliaren gainean egin nuen karguaren zina», nabarmendu zuen herenegun Obamak.