AEBetako presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagai Mitt Romneyk presidentegai izateko hautagaitza sendotu du atzoko Arkansasko eta Kentuckyko primarioen ondoren. Bi horietan garaipena lortu arren, ez da AEBetako presidentegai izateko behar diren 1.144 ordezkariak eskuratzera heldu, eta beraz, Texasen hilaren 29an egingo diren primarioetara itxaron beharko du. Texasen 155 ordezkari egongo dira jokoan.
Kentuckyn %67ko babesa jaso du Romneyk, eta beraz, jokoan zeuden 42 ordezkariak lortu ditu. Ron Paul hautagaia ez da %15eko babesa lortzera heldu. Arkansasen, berriz, 33 ordezkari zeuden, eta horretan ere nagusi izan da Romney. Azken bi garaipenak kontuan hartuta, 1.064 ordezkari ditu Romneyk, Real Politics-en datuen arabera.
Romney eta Paul soilik geratzen dira lehian, Rick Santorumek eta Newt Gingrichek lehia utzi ostean. Paulek hautagai izaten jarraitzen badu ere, kanpaina egiteari utzi diola iragarri berri du.
AEBetako presidentetza hauteskundeei begira, boto kopuruan parekatuta daude inkestetan AEBetako presidente Barack Obama eta Romney. Ekonomia da bi hautagaien arteko gai indartsuena.