Rovira eta Pascalentzat, «sinbolikoa» izan zen independentzia deklarazioa

Gorenean deklaratu ostean, aske geratu dira ERCko eta PDeCATeko buruak; Pascal, bermea pagatuta. Auzitegi Nazionalak Trapero deitu du deklaratzera ostiralerako, sedizioa bigarrenez egotzita

Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusia, alderdikideak agurtzen, atzo, Auzitegi Gorenetik irtetean. JAVIER LIZON / EFE.
ander perez zala
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mireia Boya CUPeko diputatu ohiak ez bezala —bere ideiak defendatuko zituela adierazi zuen, eta hala egin zuen—, orain arteko estrategiari eutsi zioten Marta Rovira ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoa alderdiaren idazkari nagusiak eta Marta PascalPDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanaren koordinatzaile orokorrak, Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratzean. Biek ala biek adierazi zioten, atzo, «sinbolikoa» izan zela urriaren 27ko independentzia deklarazioa, eta garai politiko baten «amaiera» finkatzen zuela, hurrengo pausoa bozetarako deia izanik.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren antzeko estrategia erabili zuten atzo bi buruzagi independentistek, Auzitegi Gorenean deklaratzean: urriaren 27ko independentzia deklarazioak ez zuela ondorio juridikorik, eta, beraz, adierazpen politiko «sinboliko» bat izan zela soilik. Bi buruzagiak alderdikide, diputatu eta senatari independentisten babesarekin sartu ziren auzitegira, eta handik atera ere, txalo artean.

Barruan zeudela, ERCko idazkari nagusiak epaileari jakinarazi zion U-1eko independentzia erreferenduma bertan behera uzteko eskatu ziola garai hartako Kataluniako presidente Carles Puigdemonti —egun hartako indarkeriagatik—, baina hark ezetza eman ziola eskariari, gainontzeko buruzagiek proposamenari babesik eman ez ziotela kontuan harturik. Pascalek, berriz, ziurtatu zion legezkotasunaren eta Espainiako Konstituzioaren alde egin zuela prozesu independentistan; alegia, bere apustua beti izan zela independentzia deklarazioaren aurkakoa eta bozetarako deia egitearen aldekoa. Biek egin zuten indarkeriaren aurkako aldarria.

Galdeketa amaitzean, kautela neurririk gabe atera zen Pascal; ez, ordea, Rovira, Llarenak 60.000 euroko bermea ezarri baitzion —ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak eta Omnium Cultural elkarteek sustatutako elkartasun kutxaren bidez ordainduko dute—. Bi buruzagiak ustezko matxinada eta sedizioagatik ari da ikertzen epailea —fiskaltzaren arabera, «bigarren mailako» rola izan zuten independentzia deklarazioan—.

Mas, Lloveras eta Gabriel

Deklarazioek egunotan jarraituko dute. Gaur Llarenaren aurrean izango dira Artur Mas Kataluniako presidente ohia eta Neus Lloveras AMI Udalerri Independentisten Elkarteko presidente ohia; bihar, berriz, Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia dago deituta deklaratzera, baina oraindik jakiteko dago Madrilera joango ote den. Gabriel Suitzan da, bere defentsa prestatzen, herenegun CUPek jakinarazi zuenez, eta prestakuntza horren berri emango du gaur; horrekin batera jakinaraziko du bihar epailearen aurrean izango ote den. Boyak iragan astean deklaratu zuen, eta haren aurkako neurririk gabe atera zen gorenetik.

Auzitegi Nazionalean ere ari dira prozesu subiranistaren aurkako auzibideak egiten, eta atzo jakinarazi zuen Carmen Lamela epaileak mossoen buru ohi Josep Lluis Trapero ustezko sedizio delituagatikari dela ikertzen, oraingoan U-1eko independentzia erreferendumarekin lotuta; hala, Trapero deklaratzera deitu du, ostiralerako, 09:00etan. Mossoen buru ohia delitu beragatik ikertzen ari da Lamela, irailaren 20an Guardia Zibilak Generalitatearen kontrako polizia operazioa egin zuenean egindako mobilizazioengatik —hamalau atxilotu izan ziren—; guardia zibilak Ekonomia Kontseilaritza arakatzen ari zirenean kanpoan izan ziren mobilizazio jendetsuetan mossoek ez zutela behar bezala jokatu iritzita egotzi zion sedizioa.

Presidentetza legea aztergai

Puigdemonten inbestidurari begira, Kataluniako Parlamentuko mahaiak gaur eztabaidatzeko asmoa du JxC Junts Per Catalunyak proposatutako presidentetza legearen moldaketa —ERCren babesik gabe aurkeztu zuen—. Proposamenak bide eman nahi dio Puigdemont urrunetik presidente izendatzeko aukerari, Kataluniako presidente kargugabetua Bruselan baitago erbesteratuta. Moldaketa aurreko astean eztabaidatzekoak ziren arren, Roger Torrent parlamentuko presidenteak «forma arrazoiengatik» erabaki zuen proposamenaren onarpena ez aztertzea, eta ERCren eta JxCren arteko tentsioak gora egin zuen. JxCren moldaketa onartuz gero, Espainiako Gobernuak iragarria du helegitea aurkeztuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.