Atzoko bileran ere, adostasunik ez. Abuztuaren 2a baino lehen defizitaren goiko muga igotzeko akordioa lortu beharra du AEBetako Kongresuak, bestela zorrak ordaindu ezinda geratuko delako. Giroa bero-bero dago, baina, oraingoz, jarrerak urrun. Ostiralean porrot egin zuten Barack Obama presidentearen eta John Boehner Ordezkarien Ganbarako presidente errepublikanoaren arteko azken negoziazioek. Boehnerrek bileratik alde egin zuen, Obamak 400 milioi dolar gehiagoko zerga igotzeko proposamen bat aurkeztu diolako aitzakian. Blokeo egoera horren aurrean, Obamak larrialdi bilera batera deitu zuen atzo. Puntu batean soilik daude ados: sabaiaren muga epe laburrerako igotzea ez dela irtenbidea eta defizita jaisteko plan bat behar dela. Hala, aukera hori «erabat» baztertu du kongresuak.
Obamak eta Boehnerrek, Harry Reid demokraten senatuko buruak, Nancy Pelocy demokraten Ordezkarien Ganberako buruak, Mitch McConell errepublikarren Senatuko buruak eta Joe Biden AEBetako presidenteordeak hartu zuten parte atzoko bileran. Asteburuan euren aholkulariekin biltzeko konpromisoa hartu zuten, defizita murrizteko aukera emango duen lege proiektu bat idazteko.
Defizita murrizteko hartu beharreko neurriak ari dira kontua konplikatzen. Bi aukera daude: defizitaren sabaia goratzearen ordainketa laguntza sozialak murriztearen bizkar egitea, edo aberatsenen zergak igota egitea.AEBen defizitaren gehienezko muga 14,3 bilioi dolarrean dago finkatuta, eta munduko lehen ekonomia horretara iritsi zen iragan maiatzaren 16an. Gauzak horrela, AEBetako presidente Barack Obama ahaleginak oro egiten ari da azken garaiotan, defizitaren sabaia igotzeko akordio bat lortzeko kongresuarekin.
Arazoa da, baina, Ordezkarien Ganbaran gehiengoa duten errepublikanoek ez dutela inondik inola ere nahi Obamak aurkeztu dituen zorra gutxitzeko neurrien artean zerga igotzerik egon dadin. Tea Party sektore ultrakontserbadorearen eraginagatik bereziki, errepublikanoek erabateko arbuioa diote AEBetako enpresa handienei —petrolio ustiakuntzaren alorrekoei kasu—,eta urtean 250.000 dolarretik gorako irabaziak dituzten herritarrei zergak igo egin diezazkien.
Eskuineko indar politikoek, ostera, nahi dute Obamaren gobernuak murrizketak egin ditzan gastu publikoetan, batez ere gizarte laguntzarako programetan. Obamak gogorarazi du 1.650 milioi dolarreko gastu murrizketa bat onartu duela. «Garrantzizkoak izango ziren programa batzuetan murrizketak egon daitezen onartu egin dut», azaldu du Obamak. «Onartu egin dut, nahiz eta nire alderdiko kide eta jarraitzaileen artean atsekabeko erabakia izan den eta nik ere ez nukeelarik horrelakorik onartuko, defizitaren arazoa ez balitz hain larria izan».
Sabaia epe laburrerako igotzea «erabat» baztertu du AEBetako Kongresuak
Asteburuan euren aholkulariekin biltzeko konpromisoa hartu dute, lege proiektu bat diseinatu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu