AEBetako hauteskundeak. SOSLAIA. Kamala Harris

Sabaia zulatu duen fiskal ohia

TEFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ama Indiakoa eta aita Jamaikakoa. Migratzaileen ondorengoa da Kamala Harris AEBetako presidenteorde aukeratu berria (Oakland, Kalifornia, AEB, 1964). Indiar jatorriko lehenengo senataria izan da AEBetan, eta Senatuko kide izendatu duten bigarren emakume beltza. Azken lau urteetakoa da Joe Biden presidentearen ordezko hautatu baino lehen politikan egin duen bidea. 2016an, Kaliforniako ordezkari izendatu zuten.

Aurretik, estatu bereko fiskal nagusia izandakoa da Harris (2011-2017). Kargu horretan zela, izaera zorrotza izatearen ospea irabazi zuen, eta botere politikoarekiko independentziaz jokatzekoa. Esaterako, Barack Obama presidente ohiaren gobernuko presioei aurre egin zielako, hipoteka maileguetako praktika desleialen auzian. Horrez gain, uko egin zion Kalifornian sexu bereko pertsonen artean ezkontzea debekatzen zuen legea defendatzeari, eta hura indargabetzeko saialdia gidatu zuen. Legea bertan behera uztea lortu zuten, 2013an.

Ordurako, Harrisek eskarmentua zuen droga trafikoarekin, banden arteko indarkeriarekin eta sexu delituekin zerikusia zuten kasuetan, distrituko fiskal izan baitzen fiskal nagusi baino lehenago, Oakland hirian.

Demokraten 2012ko konbentzioan egin zuen hitzaldiarekin alderdiko kide askoren arreta erakarri zuen Harrisek, eta politikara 2015ean egin zuen jauzi. Senatari izateko bere hautagaitza aurkeztu zuen. Kanpainan defendatu zuen immigrazio politikak eta zigor justizia erreformatzea, gutxieneko soldata igotzea eta emakumeen aborturako eskubidea bermatzea.

Aurtengo bozetarako, berriz, presidentegai izateko aurkeztu zuen bere burua, eta Alderdi Demokratako hautagai nagusien artean kokatu zuten askok hasieran. Joe Biden presidentegaiarekin eztabaida sutsua izan zuen primarioetarako eztabaida batean, arrazarekin lotutako aferei buruz. Iazko abenduan, baina, bertan behera utzi zuen bere hautagaitza, babes nahikoa ez zuela lortuko ikusita.

Joan den maiatzean, Poliziak George Floyd gizonezko afro-amerikarra hil ostean, justiziaren erreforma aldarrikatu zuen, sutsuki, eta fiskala izan zen garaian polizia indarkeriaren kontra nahikoa ez egitea leporatzen ziotenen kritikak apaltzea lortu zuen. Hala ere, gizartearen orduko haserrea kapitalizatu nahi izatea egotzi zioten batzuek.

Arrazakeriaren gaia eztabaida publikoaren erdigunean kokatu zen Floyden hilketaren ostean, eta adituek ziurtzat jotzen zuten Bidenek emakume afro-amerikar bat aukeratuko zuela presidenteordegai izateko. Asmatu zuten, eta, joan den abuztuaren 11n, Harris hautatu zuen. Gainera, Bidenen adina kontuan hartuta —77 urte ditu— Alderdi Demokratak lau urte barru presidentegai izan daitekeen hautagai bat ere behar zuen, hurrengo legealdian agintari irudia landuko duena. Harrisen aldekoa izan da apustua. Bera da lehenbiziko emakume afro-amerikarra AEBetako bi alderdi handietako batean hautagai izan dena.

Haren aldeko aukera «ezin okerragoa» izan zela adierazi zuen Donald Trump AEBetako presidente ohiak, «ezkerreko agenda» ezarri nahi zuela uste izaki.

Bozetako garaipenarekin, sabaia zulatu du Harrisek, eta AEBetako lehenengo emakume presidenteordea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.