Nazioarteko Juristen Batzordeak argi eta garbi esan du giza eskubideen urraketa asko izan zirela Saddam Husseinen agintealdian, baina, era berean, estatuburu ohiak bidezko epaiketa izateko eskubidea duela nabarmendu du. Ildo horretatik, zalantzan jarri du gaur Husseinen aurkako epaiketa abiatu duen tribunalaren inpartzialtasuna, AEBek gidatuako koalizioa auzian gero eta sartuago dagoela argudiatuta.
Era berean, Saddam Hussein eta harekin batera giza eskubideen urraketen arduradun liratekeenak zigortu ez ezik, tribunalak biktimen eskubideak asetzen saiatu behar duela agertu du Juristen Batzordeak; hau da, egia azalarazten eta nolabaiteko kalteordainak bideratzen.
Saddam Husseinen aurkako lehendabiziko epaiketa gaur hasi da: Irakeko estatuburu ohiak adierazi du ez duela tribunala onartzen eta oraindik Irakeko presidente dela aldarrikatu du. Halaber, Husseinek uko egin dio bere nortasunaren berri tribunalari emateari, "ez zaituztet ez zu, ez tribunala onartzen", esan dio epaileari. "Iraken aurkako erasoa ere ez dut onartzen, eta Irakeko presidente naizen heinean zure galderei ez erantzuteko eskubidea daukat, hutsaren gainean eraiki dena hutsik baitago", erantsi du.
Epaiketa honetan 1982an Dujail hirian egindako sarraskia ari dira aztertzen: 150 bat lagun hiltzeko agindua ematea egozten diote Husseini, eta harekin batera, garai hartan hurbileko zituen beste zazpi lagun ari dira epaitzen. Dena den, lehendabiziko saioaren ondoren, azaroaren 28 arte atzeratu dute epaiketaren segida, defentsaren eskariz.
Razgar Mohamed Amin epaitegiko buruak agertu izan duenez, Dujail hiriko sarraskiagatik epaituko dute lehenik, auzi errazena eta azkarrena delako. Ikertzen ari diren beste kasuak konplexuagoak direla adierazi zuen; horien artean 180.000 kurduren hilketa dago.
Iranek, bestalde, Husseini leporatzen dizkioten delituen artean beste bat gehitzeko eskatu zion atzo epaitegiari: Iran eta Iraken arteko gerran ustez burutu zituen sarraskiak.
Iraken okupazioa / Saddam Husseinen epaiketa
Saddam Hussein epaitzen ari den tribunalaren independentzia zalantzan jarri du Nazioarteko Juristen Batzordeak
Nazioarteko Juristen Batzordea kezkatuta dago Saddam Husseinen aurkako epaiketaren zuzentasunarekin. Erakunde horretako buruek Genevan (Suitza) agertu dutenez, AEBek gidatutako koalizioa auzian gero eta sartuagoa dagoela iruditzen zaie, eta, beraz, zalantzagarria iruditzen zaie Irakeko estatuburu ohia epaitzen ari den tribunalaren independentzia eta inpartzialtasuna. Gaur hasi da Saddam Husseinen eta haren zazpi gobernukideren aurkako epaiketa, baina lehen saioaren ondoren, azaroaren 28 arte atzeratu dute defentsaren eskariz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu