Saharako okupazioa aitortzen duen ituna babestu du europarlamentuak

Europako Justizia Auzitegiak 2016an ebatzi zuen ituna ezin dela Mendebaldeko Saharan ezarri

Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuak bere auzitegiek ebatzitakoaren kontra egiten duen itun bat babestu du. Europako Justizia Auzitegiak 2016ko abenduaren 21ean ebatzi zuen Marokoren eta Europako Batasunaren arteko Merkataritza Askearen Akordioa ezin zela Mendebaldeko Saharan ezarri. Epaiak, berez, itunak ez zuela nazioarteko zuzenbidea urratzen zehazten zuen; hain zuzen ere, lurralde hori ez delako Marokoren parte. Fronte Polisarioak aurkeztutako helegite bati emandako erantzuna zen.

Orain, baina, itun horren moldaketa babestu du parlamentuak. Maroko eta Mendebaldeko Saharako lehengaiei lehentasunezko muga zerga bera ezartzearen alde egin dute eurodiputatuek. Testuak aldeko 442 boto, kontrako 172, eta 68 abstentzio izan ditu. Moldaketa horrek «sahararren garapena» babesten duela argudiatu dute eurodiputatuek. Kontua da akordioak okupazioa aitortzen jarraitzen duela, sahararrek ez baitute euren baliabide naturalak ustiatzeko eskumenik. Eztabaida bera blokeatu dute eurodiputatuek.

Polisarioaren salaketa

Fronte Polisarioak gogor gaitzetsi du erabakia, eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Eurodiputatuei euren jurisprudentzia bera urratzea leporatu die komunikatu baten bidez. Mohamed Sidati Fronte Polisarioko Europarako ordezkariak koherentzia faltaz aritzea leporatu die eurodiputatuei: «Legez kanpoko erabaki bat da, eta negoziazio politikoen bidea zulatu du». Akordioa berritzeko prozesua ez dela gardentasunez egin salatu du ere Fronte Polisarioak.

Europako Batasuneko ordezkariek, akordioa justifikatzeko, soilik okupazioa babesten dutenekin kontrastatu zuten itunaren edukia, eta horrek jatorrizko herritarrengan, sahararrengan, duen eragina. Ez du aintzat hartu Marokok giza eskubideak urratzen dituela.

Mendebaldeko Saharako ehun bat elkartek ere itunaren kontra egin dute, eta jakinarazi dute autodeterminazio eskubidea babesten duen ezein elkartek ez duela ituna sostengatu.

Europako Batasunak eta Marokok, bestalde, arrantza akordioa berritu zuten astelehenean. Kasu horretan ere akordioa ezin dela okupatutako lurraldean aplikatu ebatzi zuen justiziak. Parlamentuak otsailaren 11 eta 14ra bitartean bozkatuko du akordio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.