Luca Mercalli. Klimatologoa

«Sakrifizioak egin behar dira bizia babesteko»

Italiako zientzialariak ohartarazi du estatuek «berehala» jarri behar dituztela abian klima larrialdiaren aurkako neurriak, «botere interesak sustatutako negazionismoa» baztertuta.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
Cagliari
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Euriteek sekulako hondamendia eragin zuten maiatzean Romagnan, Italia iparraldean. Hainbat zientzialariren arabera, «iragarritako tragedia bat» izan zen. Luca Mercalli (Turin, 1966) da haietako bat: nazioartean ospe handia duen klimatologoa eta dibulgatzaile zientifikoa.

Zerk eragin zituen Romagnako uholde izugarriak?

Bi perturbazio handi izan ziren 15 egunean soilik; ondorioz, luizi ikaragarriak izan ziren, eta dozenaka ibaik gainezka egin zuten. Egun gutxi batzuetan, urtebetean egin ohi duen bezainbeste euri egin zuen Romagnan. Eurite horiek ezohikoak izan dira erabat, eta eremu horretan inoiz izandako handienetakoak.

Hala ere, handik gertu, lehorte larria dute normalean euritsuak diren zenbait tokitan...

2021eko abendutik dute lehortea. Hamazazpi hilabetean, Italiako iparralde osoan eta Frantzian eta Espainian— ez da izan perturbazio aipagarririk. Romagnan, bat-bateko eta muturreko euriteekin bukatu zen lehortea, eta horrek berretsi egiten du klima aldaketari buruzko nazioarteko txostenek esaten dutena: berotze globalaren ondorioz maizago eta bortitzago gertatzen direla muturreko fenomenoak.

Lurraldea gaizki kudeatu izanak areagotu egin al du euriteen eragina?

Lurraldearen zementazioak nabarmen areagotu ditu kalteak. Urpean geratu diren eremu askotan, eraikuntza lanak egin dituzte azken 30 urteetan, nahiz eta bazekiten arrisku oso handiko guneak zirela.

Zorionez, meteorologoek jarritako alarmek eragotzi egin zuten jende gehiago hiltzea. 2022ko irailaren 15ean Marche eskualdean izandako uholdeek eremu mugatu bati eragin zioten, baina, hala ere, biktima kopuru bera izan zen. Honetara ezkero, zenbait ekintza egin daitezke biztanleak seguru daudela zaintzeko: arrisku handieneko tokiak hustu eta jendea goragoko solairuetara igotzera bultzatu, besteak beste. Baina etxeak, dendak eta enpresak ezin dira mugitu. Obra hidraulikoak egin daitezke hirietako alde zaharrak babesteko, baina ameskeria hutsa da milaka kilometro karratu babesten saiatzea. Euriak muino osoak amilarazten dituenean, Apeninoetan gertatu den bezala, ez dago ezer egiterik.

Ahal den guztia egiten da klima aldaketa geldiarazteko?

Parisko Hitzarmenak ezartzen duenez, zenbat eta gehiago mugatu tenperaturaren igoera, orduan eta txikiagoa izango da muturreko fenomeno meteorologikoak gertatzeko arriskua. Baina munduan gero eta isurketa gehiago dago, eta, gaur egun, Parisko Hitzarmena paper bat besterik ez da. Trantsizio energetikoa abian jarri beharko genuke lehenbailehen, baina, hori egin beharrean, gerrarako armak egiten ari gara...

Negazionismoak boikotatu edo geldiarazi egiten du klima aldaketaren kontrako borroka. Negazionismo antolatu bat dago, botere ekonomikoek sustatua beren interesak defendatzeko, hala nola erregai fosilei dagozkienak. Gero, negazionismo hutsalago bat ere badago: ardura beren gain hartu nahi ez eta arazorik ez dagoela esaten dutenena. Baina, oro har, interes ekonomiko eta politikoak direla-eta aplikatu ohi dira horren mantso klima aldaketaren kontrako neurriak; izan ere, herritarrak ez dira oso ados egoten neurri horiek hartzeko orduan.

Herritarrak jabetuta al daude berotze globalak zer arrisku ekarriko dituen?

Zenbait gazte mobilizatu dira, ikasleak bereziki, baina gizarteak ez du lehentasuntzat jotzen Lurra berotzearen aurkako borroka. Ez dira milioika pertsona atera kalera gobernuei eskatzeko egin beharrekoa egin dezatela segituan.

Lur kontsumoa gerarazi dezatela, adibidez. Gobernuaren erakunde batek esaten du, Ingurumena Babesteko eta Ikertzeko Goi Mailako Institutuak (ISPRA). Bere txostenetan, ISPRAk salatu du Italian bi metro karratuko eremu bat zementatzen dela segundoero. Atzera-bueltarik gabeko hondamendia da; zementatu egin bada, lurra gero ezingo da leheneratu. Baina zer gobernu arduratuko da lur kontsumoa eteteko aginduko duen lege bat egiteaz?

Askorentzat, baina, lehentasunak beste batzuk dira.

Zertarako balio du eraikuntzako enpleguak babesteak jakinda uholdeen ondorioz lurralde osoak suntsituko direla? Beharrezkoa da aldaketak egitea, ongizatearen mesederako izango baitira, nahiz eta lehen kolpean sakrifizio gogorregiak diruditen. Etxeak eta eraikin publikoak eraberritu beharko dira energia gastua txikitzeko; ikusita zenbateraino den beharrezkoa hori egitea, eraikuntzaren industrian lana izango da beste ehun urterako. Agian, eraikuntzaren industriaren bitartez dirua irabazten dutenek pentsatuko dute ez dela bidezkoa lur kontsumoa etetea, baina jakin behar dute gizarte osoaren bizkar lortzen dituztela irabaziak. Sakrifizio batzuk beharrezkoak eta premiazkoak dira gure bizia eta datozen belaunaldietakoen bizia babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.