Hamar urte baino gehiago darama abian Siriako gatazkak. Asteon, salafistek Siria iparraldearen aurkako azken bost urteetako erasoaldirik handiena abiatu dute, Alepo atarira iristeraino. Salafistek herenegun hasi zuten ezusteko ofentsiba, eta, hiru egunotan, 242 pertsona baino gehiago hil dira erasoetan eta Siriako armadarekin izaten ari diren borroketan, tartean 24 zibil, Siriako Giza Eskubideen Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak gaur jakinarazi duenez —Londresen du egoitza—. Salafisten ofentsibaren ondorioz, itxita daude Aleporen eta Damaskoren arteko errepide guztiak.
SANA Siriako albiste agentziak jakinarazi du salafistek Alepoko Unibertsitatea bonbardatu dutela gaur goizaldean, eta eraso horretan lau ikasle hil dituztela. Eremu horretan ere aurrera egiten ari direla ikusita, Siriako armadak errefortzuak bidali ditu hara. Nazioarteko hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, borrokak Alepo inguruko landa eremuetan eta alboko Idlib hiriaren aldirietan izaten ari dira.
HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak abiatu du ofentsiba, eta, hain justu, haren azken gotorlekua da Idlib; han su eten bat dago abian 2020. urtetik. Turkiak eta Errusiak sinatu zuten menia; izan ere, gerra hasi zenetik Turkiak babestu egiten ditu Baxar al-Assaden erregimenari aurre egiten dioten taldeak, eta Errusia da Siriako Gobernuaren aliaturik indartsuena.
Horiek hala, asteotako ofentsibak areagotu egin du, beste behin, Ankararen eta Damaskoren arteko tentsioa. Bi gobernuek harreman diplomatikoak eten zituzten duela hamahiru urte, gerra hasi zenean. Azken hilabeteetan, Turkiak iradoki izan du prest egongo litzatekeela Al-Assaden gobernuarekin hitz egiteko, baina, horretarako, Siriako Gobernuak eskatu dio Turkiari atera ditzala Siria iparraldean dituen tropak.
Gaur goizean, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaitzetsi egin du salafistek abiatutako ofentsiba, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan: «Siriaren subiranotasunaren aurkako atentatu bat da. Espero dugu Siriako agintariek egoera ahalik eta lasterrena egonkortu ahal izatea». Al-Assad Moskun dagoen galdetuta, Peskovek esan du ez daukala ezer esateko horren inguruan.
Iran, AEBei kontu eske
Asteon salafistek hasitako ofentsiba hauspotzea leporatu die Iranek AEB Ameriketako Estatu Batuei. Irango Atzerri Ministerioak zabaldutako komunikatu baten bidez, Atzerri ministro Abbas Araghtxik egotzi dio Washingtoni eskualdeko «egonkortasuna eta segurtasuna» kolokan jarri nahi izatea. Antzera hitz egin du ministerio horretako bozeramaile Ismail Baghaeik: «Sirian talde terroristak berriro aktibo egotea AEBen eta Israelen plan baten parte da, Asia Mendebaldea ezegonkortzeko».