Egipto. Konstituzioa ezbaian

Salafisten indar erakustaldia

Konstituzio berriaren zirriborroa amaitu baino lehen, musulman kontserbadoreenek estu hartu dute Batzorde Konstituziogilea. Nahi dute lege islamikoa izatea iturri bakarra .

Ane irazabal
Kairo
2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Printzipio» hitza dago buruhauste gehienen muinean. Hala diote, behintzat, Egiptoko konstituzio berriaren oinarria xaria edo lege islamikoa izatea nahi dutenek. Salafistak, islamaren erroetara itzultzea aldarrikatzen duten musulman kontserbadoreak, bilakatu dira aldarrikapen horren bozeramaileak. Konstituzio berriaren zirriborroa egin bitartean, artikulo batekagerian utzi du estatu laikoaren aldekoen eta lege islamikoa ezartzea defendatzen dutenen artean dagoen amildegia.

1971eko konstituzioaren 2. artikuluaren arabera, «xariaren printzipioak» dira Egiptoko legeriaren iturri. Terminologia horrek, interpretazio malguak izan ditu azken hamarkadetan. Orain, kontituzio berriaren atarian, zenbait mugimendu salafistek printzipio hitza kentzea edo termino hori ongi definitzea aldarrikatu dute. Egiptoko trantsizio demokratikoaren une erabakior honetan, salafistek haien indarra erakusteko aukerari heldu diote, Maaty Elssandouby kazetari egiptoarraren ustez: «Ez dute Anaia Musulmanak bezalako egituraketa itxirik, eta haien diskurtsoa sinplea bezain zuzena da. Ez dute interpretazio bikoitzik».

Salafismoa, ordea, ez da doktrina trinko bat. Mugimenduaren malgutasunak hainbat korronte elikatzen ditu barruan, predikazioan oinarriturikoa edo jihadista kasu. Helmy Youssef Ali, lehen aukera babesten duen xeke bat da. Haren iritziz, «Mubarak botatzen lagundu zigun Jainkoak, Mahomaren esanak eta eginak gure eguneroko bizitzan ezartzeko». Xekeak beharrezkotzat jotzen du beste islamizazio baterantz egitea eta ziur da Egiptoko gizarteak hala nahi duela.

Xariagatik kalera

Hain zuzen, hilaren 9an indar erakustaldia egin zuten talde salafistek Kairoko Tahrir plazan. Lehena baina ez azkena, bertan elkartu zirenen ustez. Egipto osotik etorritako milaka herritarrek lege islamikoa bere egoerarik indratsuenean jartzea eskatu zuten. Tartean, emakume gutxi ikusi ahal izan ziren plazan. Um Ahmed izan zen horietako bat: «Injustizia guztietatik babestuko gaitu xariak. Egiptoko gutxiengoek ez dute zertan kezkatu».

Nolanahi ere, Anaia Musulmanek eta Al-Nur alderdi salafista nagusiak ez dituzte protestak babestu. Bi taldeek ordezkaritza zabala dute batzorde konstituziogilean, eta azken asteetan «adostasun nazionalaren» alde lanean ari direla aldarrikatu dute, egiptoar guztiak ordezkatuko dituen konstituzio orekatu bat lortze aldera. «Ez nau ustekabean harrapatu Anaia Musulmanak plazara ez irtetea. Beti jokatu dute bi errealitateen artean. Boterera iritsi direnetik, ordea, are agerikoagoa da uste dutenaren eta egiten ari direnaren artean dagoen kontraesana», azpimarratu zuen Mohamed Abdel Azim manifestariak.

Konstituzioa eta pornoa

Salafismoaren presioak, ordea, uste baino eragin handiagoa du Anaia Musulmanen gobernu islamistan. «Oreka mantentzea da Mohamed Mursiren obsesioa, nazioarte mailan eman nahi duen irudi moderatuaren eta mugimenduaren oinarrietan egindako promesen artean», nabarmendu du Maaty Elssandoubik.

Hala, talde salafistek lortu dituzte haien «garaipen txikiak». Pornografiaren aurkako bataila da azken adibidea. Sare Garbia kanpainak egindako presioaren ondorioz, Abdelmeguid Mahmud Egiptoko fiskal nagusiak webgune pornografikoak blokeatzeko agindua eman die komunikazio, informazio eta barne ministerioei. 2009an epaitegi administratibo batek harturiko erabakian oinarritu da debekua ezartzeko. Duela hiru urte Mubaraken gobernuak atzera bota zuen webguneen blokeoa errealitate egitea.

Orain debekua benetan ezarriko dela dirudi. Bai Anaia Musulmanek baita salafistek ere gogoz txalotu dute erabakia.Sare Garbia kanpainako kideek «aurrekaritzat» jo debekua. Youssefi ere Islamaren balio egokiak berreskuratzeko ezinbesteko erabakia iruditzen zaio: «Agur herritarren adimena kutsatzen duten irudiei». Baina konstituzioaren izaera aldatzea beste gauza bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.