Sanchez ekilibrista, berriro presidente

PSOEren idazkari nagusia inbestidurako lehen bozketan aukeratu dute Kongresuan, gehiengo osorako beharrezko boto kopurua gaindituta eta 179 baiezko lortuta.

Igor Susaeta.
Madril
2023ko azaroaren 16a
11:30
Entzun

Pedro Sanchezi aitortu behar zaio sen handiko politikaria dela. Maiatz bukaeran, PSOEk emaitza txarrak lortu zituen udal hauteskundeetan, eta testuinguru horretan gutxienez arriskutsutzat jo zitekeen erabaki bat hartu zuen PSOEren idazkari nagusiak: erantzukizuna bere gain hartu, eta udazkenean egitekoak ziren Espainiako Gorteetarako bozak uztailaren 23ra aurreratzea. Gaur, hautu hori egin eta ia sei hilabete geroago, PPk eta Voxek ateratako zarata eta egindako mehatxuak gorabehera, Espainiako Gobernuko presidente izendatu dute, inbestidura prozedurako lehen bozketan: guztira 179 boto bildu ditu Kongresuan –176 behar dira gehiengo osoa lortzeko–.

Sanchez ekilibrista, berriro presidente-55285a301f

Babes hori bildu ahal izateko, konpromiso batzuk hartu ditu: Euskal Herriko alderdi subiranistekin, batez ere lurralde auziari heltzea; Sumarrekin, politika sozialak eta aurrerakoiak bultzatzea; CC Koalizio Kanariarrarekin, «kanariarren interesak» kontuan hartzea; eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrarekin, Galiziako autogobernuari bultzada bat ematea. Dena den, JxC Junts Per Catalunyarekin eta ERC Esquerra Republicanarekin, hau da, Kataluniako indar subiranista nagusiekin adostutako eta jada Kongresuan erregistratutako amnistia lege-proposamenak eman du modua Sanchez berriro presidente izendatzeko. Zazpi indar politiko horien babesari esker, 2018ko ekainean hartu zuen karguan jarraituko du Sanchezek.

Hori kontuan hartuta, Sanchezek are gehiago indartu beharko du Espainiako gobernuburu denetik hartutako ekilibristaren rola. Behin baino gehiagotan eman du sokatik erortzear zegoelako itxura. Batetik, 2019ko otsailean bozetara deitu zuenean, Kataluniako buruzagi subiranisten kontrako epaiketa hastear zela, ezin izan zituelako aurrekontuak onartu. Bestetik, urte horretan bertan hauteskundeak berriro egitea lehenetsi zuenean, UP Unidas Podemosekin koalizio gobernu bat ez osatzeagatik —2020ko urtarrilean, baina, besarkada beroa eman zion Pablo Iglesias Podemoseko orduko liderrari— . Hirugarrenik, aurreko maiatzean, bozetara deitu zuenean nahiz eta aurreikuspenak haren aldekoak ez izan.

Eta azkenik, azken asteotan ere egin behar izan du ekilibristarena, ERCrekin eta JxCrekin amnistia lege bat adostuta. «Harmoniaren izenean» egin duela nabarmendu zuen atzo, inbestidura prozedurako lehen egunean, nahiz eta aitortu «zirkunstantziek» bultzatu dutela amnistia legea hauspotzera. Hori bai, iruditzen zaio indarrean sartzea onuragarria izango dela Espainiaren eta Kataluniaren «elkarbizitzarako».

Eskuina eta eskuin muturra horren kontra altxatu dira. Gaur Kongresura iritsi berritan, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak kazetariei adierazi die inbestidura ez dela Madrilen adostu, Waterloon baizik (Belgika), Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratu eta JxCren liderraren bizilekuan. «Gobernuan ez du presidenteak aginduko». Ohartarazi du, gainera, eskura dituzten mekanismo juridikoak baliatuko dituztela amnistia aplikatzearen aurka. Hasteko, Senatuan gehiengoa dute, eta arautegian aldaketa bat onartu dute, goi ganberan egin beharreko legearen tramitazioa ahal den neurrian atzeratu ahal izateko –gehienez bi hilabetez–. Feijook gogoratu du, bide batez, kalean ere jarraituko dutela protestan.

Itxura guztien arabera, PPk oposizio gogorra egingo dio PSOE eta Sumar osatzekoak diren koalizio gobernuaren jardunari; ez dago, ez, kontrakoa pentsatzeko motiborik. Inbestidura saioetako tonua, behintzat, latza izan da. Ikusteko dago, hortaz, gaurko keinua kortesia hutsezkoa izan ote den, edo giroa lasaitzeko abiapuntu bat izan daitekeen: Feijoo Sanchezi mintzatu zaio presidente izendatu dutenean, bostekoa eman dio, eta esan: «Hau hutsegite bat da».

Voxek kapitalizatu ditu protestak, eta giroa guztiz narrasteaz arduratu da. Halere, horiek ez dira areagotu inbestidura saioa gerturatu ahala; kontrakoa baizik. Eskuin muturreko alderdi horrek Kongresua inguratzera deitu zuen atzo, baina azkeneko bi egunetan ehunka batzuk bildu dira behe ganberaren eraikinaren inguruan protesta egitera; kopuruari dagokionez, Polizia agenteak manifestariak baino gehiago izan dira. Voxentzat, Sanchez «estatu kolpe bat» ematen ari da, nahiz eta zera baino ez duen egin, zilegitasun osoz hauteskundeetan parte hartu eta ordezkaritza parlamentarioa lortu zuten alderdiekin ados jarri. «Diktadore» ere deitu diote ultrek, eta adierazi kaleko mobilizazioekin jarraituko dutela; gainera, justifikatu egin dituzte horietan izan diren indarkeriazko ekintzak.

Kataluniari begira

Sanchez onik atera da eskuineko indarren presioa gorabehera. Gainera, ikusteko dago ERCren eta JxCren eskaerek, bakoitzarekin adostutako negoziazioa mahaiek, akordioek edo akordiorik ezak nola eragiten dioten. Bi alderdi horien arteko lehiak ere —beranduenez 2025eko otsailean egitekoak dira Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak— goitik behera zeharkatuko du legegintzaldia. Puigdemont buru duen alderdiak behin eta berriro esan du PSOErekin abiatzekoa den negoziazio mahaian adosten diren akordioak bete ezean —nazioarteko mekanismo bat arduratuko da horiek egiaztatzeaz— legegintzaldiak ez duela aurrera egingo. ERCk ez du baldintza hori esplizituki aipatu.

Eta Sanchez sokaren gainean dago oraindik ere, ekilibristarena egiten, nahiz eta azken asteetan ia eguneroko kontua bihurtu den batez ere PPkoek PSOEko diputatuei eskatzea transfugismoa praktikatzeko eta beren idazkari nagusiaren aurka bozkatzeko. Baina inork ez du alderdiaren diziplina hautsi. Sanchezek PSOEren talde parlamentarioaren kontrola du, baita alderdiarena berarena ere, eta gaur, izendatua izan ondoren, adeitsu erantzun die bere alderdiko 121 diputatuek emandako musu, besarkada eta bostekoei.

PSOEko idazkari nagusiak 2020ko inbestidura saioan izandakoa baino babes handiagoa lortu du, —bigarren bozketan, gehiengo soilarekin, 167 boto—, eta Mariano Rajoyk 2016an (170), Jose Luis Rodriguez Zapaterok 2008an (169) eta Felipe Gonzalezek 1989an (167) baino baiezko boto gehiago bildu ditu. 2018ko ekainean, ordea, 180 diputatuk onartu zuten Rajoyren kontrako zentsura mozioa, eta, Sanchez orduan izendatu zuten presidente aurrenekoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.