Katalunia

Sanchez: "Ez da autodeterminazio erreferendumik egingo"

Espainiako Gobernuko presidenteak Kataluniako politikari presoei emandako indultuei buruzko agerraldia egin du Kongresuan. Defendatu du presoak aske utzi izanak «presioa arindu» dezaketela Kataluniako gizartean.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidentea, Kongresuko agerraldian. EMILIO NARANJO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 30a
11:21
Entzun

Argi eta garbi utzi du Espainiako Gobernuko presidenteak: «Ez da autodeterminazio erreferendumik egingo [Katalunian], baldin eta hura defendatzen dutenek ez badituzte ganbera honetako kideek hiru bosten konbentzitzen Konstituzioa aldatu eta bozkatzeko. PSOEk ez du inoiz onartuko». Kongresuko osoko bilkuran egin du agerraldia Pedro Sanchezek, berak eskatuta eta joan den astean Kataluniako politikari presoak aske irtetea ahalbidetu zuen indultuei buruzko azalpenak emateko.

Presoen kasuan esan du inork ez duela zertan bere ideiei uko egin, inor ez zelako bere ideiengatik zigortua izan «legea urratzeagatik, baizik», eta ohartarazi du gobernuak «irmo» jokatzen jarraituko duela aurrerantzean ere. «Gure demokrazian ideia independentistek badute tokia, Konstituzionalak adierazi duen moduan».

Espainiako gobernuburuak azaldu du indultuak «hautazkoak» izan direla, baina ez «apetazkoak», eta argitu indultatuetakoren batek «delitu bat» egiten badu, aurretik bete gabeko zigorra gehituko litzaiokeela zigor berriari. «Urrats honek lagunduko du Kataluniako krisia konpontzen? Ez dago behin betiko bermerik. Baina badaude egitate objektiboak pentsarazten dutenak Kataluniako gizartean dagoen presioa arintzeko balioko dutela». Bide batez gehitu du auzitegietako bideak «berak bakarrik» ez duela balio «Kataluniako gatazka» konpontzeko. «Kataluniako gizartea ohartzen da urte hauek alferrekoak izan direla. Berriz elkartzeko borondatea agertu du, eta urrats erabakigarriekin hasi behar dugu bidea, ez hutsetik, baina bai berriz».

PP Alderdi Popularreko buru Pablo Casadok gogor jo du gobernuburuaren argudioen aurka, eta egotzi dio hitza bete ez izana. «Eskatzen dizut azaltzeko zergatik esan zenuen ez zenuela indulturik emango, eta zergatik hauteskunde eztabaidan esan zenuen ez zenuela akordiorik egingo independentistekin. Edo gezurti hutsa zara, edo tenteltzat gaituzu, edo biak». Oposizioko buruaren arabera, «erregimen aldaketa bat» prestatzen ari da buruzagi sozialista, gobernuan jarraitu ahal izateko. Hala, Casadok iragarri du indultuen aurkako helegitea aurkeztu duela PPk, «bidegabekeria demokratikoa» direlako.

Errepresioa

Ez dira bat etorri Sanchezek esandakoekin Kataluniako alderdi subiranistak ere. ERC Esquerra Republicana de Catanulyako diputatu Gabriel Rufianek ohartarazi du indultuak ez direla gatazka politikoa konpontzeko neurri bat, «giro politikoa hobetzeko» baizik. Esquerrako hautetsiak gogorarazi du Espainian jendea atxilotzen dutela, modu baketsuan manifestatzeagatik: «Kontu Auzitegia demokraziaren aurkako eta legetik at dagoen txosna bat da, azken 80 urteotan herrialde honetan agindu duten 40 familia erreakzionario eta mendekuzaleek eraiki dutena, buruzagi independentistak heriotza zibilera zigortzeko. Gelditzen ez baditugu, gainetik igaroko zaizkigu».

Rufianek ukatu du Espainian ideiak jazartzen ez direnik, eta atzo Kontu Auzitegiak Generalitateko 39 goi kargudun ohiri ezarritako 5,4 milioi euroko fidantza ekarri du gogora. «Herri honetan errepresioa dago, bai. Ideiak jazartzen dituzte. Zalantzan jartzen duzue? Adibide bat nahi? Irudikatu estatuko instituzio bat zeinak edozein kargu publiko zigortu edo miloika euroko isunak jartzeko eskumena duen».

Bide beretik jo du JxCeko Junts per Catalunyako Miriam Noguerasek ere, zeinak leporatu dion Sanchezi PPrekin batera «155aren botoia» sakatu izana. Noguerasek gogorarazi du Espainiako gobernuburuak behin baino gehiagotan esan duela «etapa berri bat» hastera zihoala, eta baina gaur arte ez duela Kataluniarentzat irtenbide argi bat aurkeztu. «Kataluniako herritarrek independentzia bozkatu dute, eta ez gara zain geratuko zuentzat, edo zuen atzetik datozenentzat, zigorra baliagarria izan arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.