Espainiako presidente Pedro Sanchezen aurkako hilketa saiakera egotzita, 63 urteko gizon bat atxilotu zuten mossoek irailean, eta kartzelan da geroztik. Publico egunkariak zabaldu du berria, epaitegietako iturriak aipatuz. Haien arabera, suzko 16 arma atzeman zizkioten etxean poliziek; tartean, zehaztasun handiko errifleak eta submetrailadore bat. Tiro olinpikoan aritua zen gizona, eta antza, bazekien armak manipulatzen ere; "frankotiratzaile" bezala aurkeztu dute aipatutako iturriek.
Poliziaren ustetan, Sanchezen aurka jotzeko asmoa zuen gizonak, Espainiako presidenteak Franco diktadorearen gorpua Erorien Haranetik atera nahi duela-eta. Espainiaren alde "sakrifikatzeko" prest zegoela zioen gizonak Whatssapp talde batean, eta asmo hori agertu zuen behin baino gehiagotan. Talde horretako beste erabiltzaile batek eman zuen abisua, Público-ren arabera.
Moncloatik, Espainiako Gobernuak zehaztu du ez dela "arriskuan" egon Sanchez. Mossoek ohar bat aterako dute egunean zehar, operazioaren inguruko argibideak emateko.