Lledonerseko espetxean (Sant Joan de Vilatorrada, Herrialde Katalanak) preso dauden buruzagi independentista guztien artean adostu dute neurria. Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCko diputatuak eta Jordi Turull Generalitateko kontseilari ohi eta JxCko diputatuak gose greba hasi dutela jakinarazi dute, Espainiako Estatuaren jarrera salatzeko, Auzitegi Nazionala urriaren 1eko erreferendumaren aurkako epaiketa prestatzen ari dela. Ez da baztertzen beste buruzagi independentista batzuek ere bide beretik jotzea edo bestelako protesta neurri batzuk hartzea. Hainbat hedabide kataluniarren esanetan, protesta ekintza mailakatua egingo dute.
Jordi Pina Sanchezen eta Turullen defentsa abokatuaren esanetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren "blokeoa" salatzeko hasi dute bi presoek gose greba. Sanchezek eta Turullek Estrasburgoko auzitegira jotzeko asmoa dute, baina, horretarako, Konstituzionalean aurkeztu zituzten babes helegiteen gainean erabaki behar du aurretik Espainiako Justiziak. Konstituzionala erabaki hori nahita atzeratzen ari dela salatu dute Sanchezek eta Turullek. Era horretan, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko aukera ukatu nahi die Konstituzionalak, Pinaren arabera.
Buruzagi independentista presoek "batasun eta lasaitasun mezua" zabaldu nahi dute, Omnium elkarteak ohar bidez azaldu duenez, eta gizarteari adierazi nahi diote Espainiaren "errepresioak" ez dituela ahuldu beraien ideia politikoak. Prozesu subiranistaren kontrako epaiketa "gogotik" prestatzen ari direla nabarmendu dute.
Batasun mezua zabaltzeaz gain, presoen ikuspegi politikoa plurala dela azaldu dute. "Preso bakoitza katalanismoaren barruko familia politiko batekoa da, eta, hain justu, ikuspegi plural horrek egiten du espetxeko egunerokoa askatasunaren aldeko borrokari lotutako irakaspena izatea". Hala, beraien kontrako prozesu judiziala salatzeko "aukera pertsonal guztiak" errespetatuko dituztela jakinarazi dute buruzagiek.
Presoek argazki bat zabaldu dute mezuarekin batera. Bertan ageri dira Llenoreseko espetxean daudenak: Jordi Sanchez, Oriol Junqueras, Jordi Turull, Joaquim Forn, Jordi Cuixart, Josep Rull eta Raul Romeva. Atsekabetuta agertu dira Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolor Bassa Generalitateko kontseilari ohia irudian ez daudelako, beste espetxe batzuetan baitaude behin-behinean preso.