BARBADOS

Sandra Mason izendatu dute Barbadosko Errepublikako lehen presidentea

Parlamentuak herrialdea Commonwealthetik ateratzearen alde egin eta gero, Sandra Mason presidente kargua hartzekoa da azaroaren 30ean.

Sandra Mason aukeratu dute presidente. BERRIA
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 21a
13:51
Entzun

Sandra Mason izango da Barbadosko Errepublikako lehen presidentea, orain dela aste batzuk parlamentuak Commonwealth erakundetik ateratzea erabaki eta gero. «Gure iragan koloniala atzean uzteko garaia heldu da» adierazi zuen parlamentuak orduan. Barbados uhartea 1967an independizatu zen Erresuma Batutik, baina, orduz geroztik, Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina izan da estatuko burua. Aintzat hartu behar da Britainiar Inperioari lotuak egon ziren estatu burujabeek osatzen dutela Commonwealth nazioarteko erakundea.

Masonek 72 urte ditu, 2018az geroztik herrialdeko gobernadorea izan da, eta Barbadosko Helegite Auzitegiko lehen presidente emakumezkoa izan zen.

Barbadosko Asanbleak eta Senatuak hala erabaki zuten atzo. Bi ganberetako kide guztiek, osoko bilkura bateratu batean, Mason izendatzearen alde bozkatu zuten, Nations News hango egunkariak jaso duenez. «Nazioarentzako ezinbesteko momentua da», nabarmendu zuen Mia Mottley lehen ministroak. Azaroaren 30ean da kargua hartzekoa; hain zuzen, independentziaren 55. urteurrenean.

BBC hedabide publikoaren arabera, Erresuma Batuko errege familiak prozesua onartu du, esanez Barbadosko herritarren eta gobernuaren auzia zela.

Antilla Txikiak Karibe itsasoko uharte multzoko herrialdeetako bat da Barbados.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.