KOLONBIAKO HAUTESKUNDEAK

Santos izango da berriro ere Kolonbiako presidente

Botoen %50,95 eskuratu ditu egungo presidenteak Kolonbiako hauteskundeetan, eta %45 Oscar Ivan Zuluagak. Garaipena "50 urteko indarkeriaren amaiera" dela nabarmendu du Santosek.

Juan Manuel Santos, garaipena ospatzen. CHRISTIAN ESCOBAR / EFE
jon olano
2014ko ekainaren 16a
07:27
Entzun

2018ra arte Kolonbiako presidentetzan jarraituko du Juan Manuel Santosek, hauteskundeetan botoen %50,95 jaso eta gero. Lehia estua izan dute Santosek eta Zuluagak; hautagai uribistak irabazi zuen bozetako lehen itzulia maiatzaren 25ean —%26,69 boto jaso zituen Santosek eta %29,25 Zuluagak— eta ezkerreko alderdi gehienen babesa izan du Santosek bigarrenerako. 7.816.986 boto jaso ditu presidenteak, eta 6.905.001 oposizio buruak. %52,11koa izan da abstentzioa.

Konponbide prozesua izan du hizpide Santosek bozak irabazi osteko hitzaldian:

[youtube]http://youtu.be/nQKVCWrfWCc[/youtube]

Kolonbiako Gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen arteko bake prozesua zegoen jokoan bozetan, bake prozesuaren kontra agertu baita Zuluaga. "50 urteko indarkeriaren amaiera eta Kolonbia berri baten hasiera da, askatasun eta justizia sozial handiagoa izango duena", ziurtatu du Santosek. Eskerrak eman dizkie herritarrei sare sozialetan, eta baita ezkerreko alderdiei ere, euren babesarengatik. Agindu die ez diela hutsik egingo bakea eta justizia soziala lortzeko bidean.

Porrota aitortu du Zuluagak, eta "harro" azaldu da uribismoaren hautagai izateagatik. Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiak, berriz, ez ditu onartu emaitzak, eta Kolonbiako historiako "ustelkeria handiena" egin izana egotzi dio Santosi.

Ezkerreko alderdiak, berriz, pozik agertu dira Santosen garaipenarekin. Polo Demokratikoko hautagai ohi Clara Lopezek nabarmendu du bakeak irabazi dituela bozak, "ezker demokratikoaren ekarpen nabarmenarekin".

Hemezortzi departamentutan nagusitu da Santos, Bogota tartean. Hiriburuan, hamar puntutik gorako abantailarekin nagusitu zaio Zuluagari. Hark hamalau departamentutan lortu du garaipena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.