Lehen Mundu Gerra Sarajevon piztu zela gelditu da oroimenean, Bosniako serbiar nazionalista talde batek han hil zuelako Frantzisko Fernando Austria-Hungariako artxidukea. Inperioak gerra deklaratu zion Serbiari, eta garai hartako aliantza sistemak borrokara bideratu zituen potentziak. Bigarren Mundu Gerraren hasiera, berriz, Gdansk hiriari lotuta gelditu da, han egin baitzuen Adolf Hitler Alemaniako diktadoreak Poloniako inbasioaren lehen eraso nagusia. Hirugarren Mundu Gerra hasteko arriskua, berriz, Hormuzko itsasartean ikusi dute analista apokaliptikoenek, Persiako Golkoak eta Indiako Ozeanoak bat egiten duten tokian. Iranek pasabide hori ixteko egindako mehatxuak AEBen erantzun irmoa jaso du. Bi oilarrek gandorrak tente dituzte. Ikusi beharko mundu mailako gatazka baten hasiera den, edo arerioarengandik zerbait lortzeko ahoberokeria diplomatikoa.
Irango Guardia Iraultzaile Islamikoen jeneral Hossein Salami adoretsu agertu zen atzo. «AEBak ez daude Iranen erabakiengan eragiteko posizioan». «Defentsa estrategiak» ezartzeko, Iranek ez duela «baimena eskatzeko beharrik» defendatu zuen. Gainera, Irango armadak jakinarazi du AEBetako hegazkin ontzi bat grabatu duela Hormuzko itsasartean, Teherango indarrak maniobrak egiten ari zirela. Habibollah Sayyari almirantearen arabera, atzerriko indarren mugimenduak «kontrolpean» dituztela erakusten du horrek. Seyed Mahmud Mussavi almiranteak, berriz, hegazkin ontzia ariketa militarren gunean sartu dela erran dio Fars agentziari. «Prest gaude, nazioarteko legediaren arabera, geure segurtasun perimetroa arriskuan paratu duten erasotzaileei aurre egiteko».
George Little Pentagonoko bozeramaileak bezperan adierazi zuen ez dutela onartuko itsasarte horretako trafikoari «inongo trabarik» paratzea. Iragan asteartean Irango lehen ministrorde Mohammad Reza Rahimik itsasartea ixteko egindako mehatxuari erantzun zion Littlek.
Eremu horretan tentsioa aspaldidanik da nagusi. Azken30 urteetan hiru gerra egon dira Persiako Golkoan, eta horietan Irak, Iran eta AEBak izan dira protagonista. Washingtonek Bortzgarren Gerra Ontzidi boteretsua du Bahrainen kokatua. Iranek, berriz, Iraken aurkako gerran (1980-1988) minaz bete zuen itsasartea, eta bizilagunekiko edo AEBekiko tentsioa azkartzen den aldi oro, maniobrak egiten ditu han, indarra erakusteko, azken egunetan egin bezala.
Programa nuklearraren auzia
Iragan azaroan IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Irani buruz argitaratutako txostena dago azken tirabiren oinarrian. IAEAren arabera, Iranek bonba nuklearra lortzeko asmoz lan egin du, eta «litekeena» da xede horrekin segitzea. Teheranek, baina, programa nuklearra erabilera zibilerako dela dio. Txostena oinarritzat hartuta, AEBek Iranen aurkako zigorrak gogortzeko asmoa dute; hain zuzen, Irango Banku Zentralarekiko finantza harreman oro zigortu nahi dute. Neurri horrekin, Irango petrolio esportazioak, estatuko irabazien %80, arrisku larrian paratuko lituzkete. AEBen mehatxuek itota, eta programa nuklearrari kosta ahala kosta eutsi nahian, Hormuzko itsasartea ixteko mehatxua bihurtu da Iranen arma nagusia.
Hori gauzatuko balu, ondorioak mundu mailakoak lirateke. Itsasartea puntu estuenean soilik 54 kilometro zabal da, baina munduko itsaso bidezko petrolio garraioaren herena pasatzen da handik. Munduko hogei petrolio ekoizle nagusietatik sei daude Persiako Golkoan —Saudi Arabia, Iran bera, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Irak eta Qatar—, eta AEBak, Europa mendebaldea, Japonia eta Txina dira erregai horren beharra duten eremu nagusiak. Trafikoa ixteak petrolio upelaren prezioa nabarmen garestituko luke, esportatzaileei diru iturriak moztuz eta inportatzaileei energia krisia sortuz. Mehatxu soila egiteak nazioarteko merkatuetan upela %2 garestitu zuen herenegun, atzorako prezioa bere onera etorri zen arte.
AEBek Irak inbaditu zutenetik erran izan da Iran zela hurrengo jomuga. Iranek, ordea, 75 milioi biztanle inguru ditu, Irak halako hiru da tamainan, eta ongi hornitutako armada du. Afganistandik eta Iraketik odolustuta atera dira AEBak, batez ere dirutan. Iran inbaditzeak finantza ahalegin eta militar izugarria eskatuko lioke. Bere alde GCC Golkoko Lankidetzarako Erakundeko herrialdeen erabateko sostengua izanen luke, Saudi Arabia buru. Monarkia sunitak eta errepublika xiitak Gerra Hotz partikularra dute golkoan, Iran eredu baita xiitak gehiengoa diren eremuetan, bereziki Iraken, Bahrainen eta Saudi Arabiako ekialdean. Hirugarren alde batek ere, Israelek, bere kabuz erasotzeko mehatxua egin dio Irani urte amaieran, programa nuklearra dela eta.
Errusiaren eta Txinaren jarrera
Iran, ordea, ez dago guztiz bakarrik. Errusiak eta Txinak azaroan jakinarazi zuten ez zietela Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan Iranen aurkako neurri gehiagori oniritzia emanen. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi zuen ekintza militar batek «kalkulatu ezinezko ondorioak» izanen lituzkeela. Hil honetan, Errusiako Defentsa Ministerioak txosten bat argitaratu du erranez Hu Jintao Txinako presidenteak Mendebaldearen erasoaren aurka «berehalako ekintza militar zuzena» prestatzeko agindua emana duela. Geroago, baina, Huren mezua ez zela halakoa argitaratu zuten Errusiako hedabideek, eta zerbitzu sekretuak txineratik itzulpena egiterakoan erratu zirela. Kontuan hartu beharra da Txinaren petrolio inportazioen erdia Hormuzetik igarotzen dela, beraz, itsasartea trabatzeak bete-betean eraginen lioke. AEBek Iran menperatuz gero, baina, golkoaren erabateko kontrola eskuratuko luke Washingtonek. Horregatik, Pekinek zeresana izanen du gatazkan, bai hura baretzeko, baita gerrara bideratuko balitz ere.
Sarajevo, Gdansk eta... Hormuz?
Persiako Golkoa eta Indiako Ozeanoa banatzen dituen itsasartea ixteko mehatxua egin du Iranek. Horrek mundu mailako ondorioak eraginen lituzke, eta gatazka ere halakoa izanen ote den beldurra sortu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu