Frantzia

Sarkozy behin-behineko atxiloaldian da, influentzia trafikoaren harira deklaratzeko

Nanterreko polizia etxera deitu dute goizean goiz. 48 orduko epea du Polizia Judizialak presidente ohia galdekatzeko. Thierry Herzog presidente ohiaren abokatuari eta Kasazio Auzitegiko bi epaileri ere hartu die deklarazioa ustelkeriaren kontrako bulegoak.

Nicolas Sarkozy, martxoan. ETIENNE LAURENT / EFE
arantxa elizegi egilegor
2014ko uztailaren 1a
07:09
Entzun

Orain arte Frantzian presidente ohi bati ezarri gabeko erregimena ezarri diote. Polizia judizialaren zaintzapean dago, eta legelarien laguntza du. Halako neurriak ezartzen direnean, ohikoena 24 orduz deklaratzen aritzea izaten da, baina, beharrezkoa bada, 48 orduz hartu ahalko diote deklarazioa.

Ustelkeriaren kontrako bulegoak deklarazioa hartu zien atzo, atxilotuta zeudela, Thierry Herzogi —Frantziako presidente ohiaren abokatuari— eta Kasazio Auzitegiko bi epaileri —Gilbert Azibert eta Patrick Sassoust—.

Ikertzen ari dira Sarkozyk bere kontrako auzibideen berri izateko informatzaile sare bat osatu ote zuen 2007 eta 2012 bitartean.  

2013ko irailean, Sarkozyren, haren abokatuaren eta ministro ohien telefono deiak zelatatzeko agindua eman zuten bi epailek, presidente ohiak bere agintaldian influentzia trafikoko delitu bat egin ote zuen ikertzeko. Iazko apirilean ekin zioten auzia aztertzeari, 2007ko hauteskundeei buruzko datuak biltzen hasi zirenean.

Le Monde-k zabaldutako informazioaren arabera, presidente ohiak Gilbert Azibert magistratuarekin zuen harreman estua erabili zuen, Liliane Bettencourt auziari buruzko informazioa lortu eta trukean epailearentzat Estatu kontseilari kargu bat lortzeko Monakoko printzerrian.

Badira gehiago

Influentzia trafikoarena ez da Sarkozyren aurka zabalik dagoen auzi bakarra. Bettencourt auzian ere ikertu zuten, nahiz eta iazko urrian haren aurkako karguak bertan behera utzi. Kasu horretan, L'Oreal enpresaren jabe zen Bettencourten konfiantzaz baliatuta bozetarako funtsak "era bidegabean" lortu izana leporatu zioten.

Bernard Tapie eta Sarkozyren gobernuan Ekonomia ministro izandako Christine Lagarde lotzen dituena da auzietako beste bat. Ikerketen arabera, litekeena da Sarkozy azpilanean ibili izana Tapie enpresaburu eskuindarrak 403 milioiko kalte-ordaina lor zezan.

Nazioarteko arma salmenta eta legez kanpoko finantzaketarekin lotutako beste bi auzitan ere ikertzen ari dira Sarkozy. Karatxi auzia deiturikoaren ikerketak argitara atera zuen Edouard Balladour lehen ministro zen garaiako goi kargudunentzako komisio sare bat, zeinaren truke haiek Pakistani armamentua saltzea baimendu zuten. Sare horren berri izatea egozten diote Sarkozyri.

Zabaldua da, era berean, Libiako diktadore ohi Muammar Gaddafik 2007ko Sarkozyren bozetarako kanpaina finantzatu ote zuen susmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.