Sarkozyren etxea eta bulegoak miatu ditu Frantziako Poliziak

Presidente ohia ikertzen ari dira, 'Bettencourt auziko' legez kanpoko finantzaketarekin izan dezakeen loturagatikPresidentearen immunitatea galduta, zenbait auzi judizial izan ditzake bere kontra

Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Bi aste pasatxo behar izan ditu Frantziako Justiziak Nicolas Sarkozyren etxean eta bulegoetan miaketak egiteko. Poliziaren finantza brigadako agenteak atzo goizean sartu ziren presidente ohiak Parisen dituen etxan, abokatu bufetearen egoitzan eta bulego pertsonaletan. Sarkozy eta Carla Bruni emaztea kanpoan harrapatu ditu poliziaren miaketak, Kanadan baitaude bidaia batean. Le Monde egunkariak azaldu duenez, miaketa horiek guztiak Jean Michel Gentil epaileak ikuskatu ditu, Bettencourt auziaz arduratzen den epaileak hain zuzen. Izan ere, L'Oreal konpainia multimilionarioko jabeari lotutako ustezko legez kanpoko finantzabide auziak aspaldi zipriztindu zuen Sarkozy. Baina karguaren immunitateak babestu izan du urteetan. Joan den ekainaren 16an, ordea, François Hollande sozialistaren kontrako hauteskundeak galdu eta hilabetera, galdu egin zuen immunitatea. Bost auzibide izan ditzake bere kontra, eta hau lehenengoa baino ez da.

Eliseora eraman zuten 2007ko hauteskundeetan Liliane Bettencourt L'Orealeko jabe eta Frantziako pertsona aberatsenak dirua legez kanpo eman zion, ustez. Kasu hori aztertzen ari da Gentil epailea, eta baliteke datozen egunetan Sarkozy deklaratzera deitzea. Presidente ohia ez du sorpresaz harrapatu Justiziaren mugimenduak; aitzitik, egoerari aurre hartzeko ahalegina egin zuen duela pare bat aste, eta bere agenda ofiziala epaileen esku laga zuen erruduntasuna frogatzeko asmoarekin.

Duela bost urteko presidentetzarako hauteskundeetan ustez 150.000 euro jaso izanagatik ari dira ikertzen Sarkozy. Eric Woerth presidente ohiaren Lan ministro eta diruzainaren bitartez jaso zuen dirua. Bettencourt eskandalua zela-eta dimisioa eman behar izan zuen Woerthek 2010eko azaroan, eta auzian inputatuta dago. Claire Thiboutek, bettencourtdarren orduko kontulariak, epailearen aurrean deklaratua du Patride de Maistrek eman ziola dirua Woerthi. Bettencourtdarren dirutza kudeatzeaz arduratzen zen Maistre 2007an, eta kartzelan dago orain ahultasunaren abusua egotzita —Liliane Bettencourtek 89 urte ditu, eta adinean aurreratuta dagoen emakumeaz aprobetxatu izana leporatu diote—. Bestalde, instrukzio fasean jasotako zenbait testigantzek azaldu dute Sarkozyk berak ere bisitak egin zituela bettencourtdarrek Parisen kanpoaldean duten jauregira.

2010ean sortu zen eskandalua, Frantziako prentsak Bettencourten maiordomo ohiaren grabazio batzuk argitaratu zituenean. L'Orealeko jabearen familia haren kaltetan zebilela erakutsi nahi zuen maiordomoak, baina grabatutako elkarrizketetan senideen arteko borrokak baino kontu larriagoak atera ziren argitara. Hiru usteko delitu: zergak saihestea, hauteskunde kanpainak legez kanpo finantzatzea eta influentzia-trafikoa. Orain, dena dela, legalki ezgaituta dago Liliane Bettencourt.

Bestetik, Gentilen aurretik auzia eraman zuen Isabelle Prevost-Desprez epailea inputatu zuten herenegun instrukzioko sekretua urratzea egotzita. 2010eko irailean bettencourtdarren etxebizitza miatu eta berehala miaketaren xehetasunak argitaratu zituen LeMonde egunkariak, eta epaileari egotzi diote filtrazioa. Gainera, L'Orealeko jabeak ere sekretua urratzeagatik jarri zuen haren kontrako kereila bat. Hain zuzen ere, epaileak xehe-xehe berba egin zuen auziaz Fabrice Lhome eta Gerard Davet Le Monde-ko kazetariek iazko udan argitaratutako Sarko m'a tuer (Sarkok hil ninduen) liburuan.

Beste lau kasu airean

Nolanahi ere, Bettencourtena ez da Sarkozy epaileen aurrera eraman dezakeen kasu bakarra. Oraindik ere besta lau kasu daude airean. Presidentetzaren immunitatea galdu eta hiru egunera jaso zuen Sarkozyk bere kontrako lehen salaketa. 2002an Karachin (Pakistan) Frantziako ingeniari eta teknikoen kontrako atentatuan hildakoen senitartekoek jarri zuten. Atentatuaren ostean, 2002ko irailean, agiri bat argitaratu zuen Eliseoak irekitako dossier judizialean ez zela inon Sarkozyren izena ageri azaltzeko; agiri horrekin instrukzio judizialaren sekretua urratu izana leporatzen diote.

Bestetik, Balladur auzia ere argitzeko dago oraindik. Edouard Balladur kontserbadorearen 1995eko presidentetzarako hauteskunde kanpainan izandako ustezko legez kanpoko finantzaketak Sarkozy ere harrapatu dezake. Balladur Frantziako lehen ministro izan zen 1993tik 1995era, eta Sarkozy kanpainako eledun eta gobernuko Aurrekontu ministroa zen. 1994an Frantziako Gobernuak urpekari batzuk saldu zizkion Pakistani eta gerraontzi batzuk Saudi Arabiari, eta ezkutuko komisioak jaso zituztela uste du Justiziak. Diru horrekin gero kanpaina finantzatu zutela uste dute. Sarkozyren hurbileko lagun batzuk jada auzibidean sartuta daude: Ziad Takieddine negozio gizona eta Nicolas Bazire, Brunirekin izandako ezkontzan Sarkozyren aitabitxia izan zena.

2007ko bozekin lotuta ere argitu gabeko beste eskandalu bat du presidente ohiak: Muammar Gaddafi Libiako koronel ohiak 50 milioi eurorekin bozak finantzatu izana egozten diote. Gaddafiren seme Saif al-Islamek halaxe leporatu zion iaz Sarkozyri, baina hark ukatu egin zuen. Azkenik, 2007ko kontratu publiko batzuen esleipenari buruzko eskandalu bat ere airean dago: enpresa-faboritismoa egozten dio kontsumitzaile elkarte batek presidente ohiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.