MARTXOAREN 11KO ATENTATUAK

Sarraski handi baten eta gezur handi baten hamar urte

Hamar urte bete dira Al-Qaedak hainbat lehergailu zartarazita 191 lagun hil eta 2.000 zauritu zituenetik. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2062/[/Berriatb]

jon ordonez garmendia
2014ko martxoaren 11
11:39
Entzun

Gaur hamar urte, nahasmena zen nagusi. Goizean goiz hainbat bonbak sarraskia eragin zuten Madrilen. 2004ko martxoaren 11ko atentatuetan 191 lagun hil ziren. Egun beltza izan zen Espainian, baina ez horregatik bakarrik. Hiru egun geroago Espainiako Parlamenturako hauteskundeak egitekoak ziren, eta Jose Maria Aznar buru zuen gobernua saiatu zen kosta ahala kosta atentatuen egilea ETA izan zela sinetsarazten.

Helburua garbia zen: ETA izan balitz, PPk bozkalekuetan etekina aterako zien atentatuei bere diskurtso gogorra baliatuz. Atentatuen atzean erakunde islamisten bat egon zela zabalduz gero, ordea, herritarrek berehala kokatuko zuten erasoa Aznarren nazioarteko politikaren testuinguruan, eta horrek kalte egin ziezaiokeen PPri hauteskundeetan. Azoreetan Bush eta Blairrekin batera izan zen Aznar, eta Irakeko gerraren kontrako oihua zabala zen ordurako Espainian.

PPren asmoak, ordea, goizean goizetik hasi ziren okertzen. Arnaldo Otegik Herri Irratian berehala baztertu zuen ETA izan zitekeenik, eta adierazi zuen "erresistentzia arabiarra" izan zitekeela erantzulea. Ez zen hori nahikoa izan ETA izan ez zela argitzeko. Minutu batzuk geroago, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ETAri leporatu zion, eta egun horretan bertan Madrilgo prentsak arratsalderako argitaratu zituen egunkarietan teoria hori zabaldu zuen.

Izan ere, euren asmoa okertzen hasita, are eta ahalegin handiagoa egin zuen PPk Espainian azken hamarkadetan izan den sarraskirik handiena berera ekartzeko. Jose Maria Aznar presidenteak Espainiako egunkari handienetako zuzendariei hots egin zien ETA izan zela esanez, eta Madrilen dauden enbaxadetako arduradunekin ere harremanetan jarri ziren hori zabaltzeko. "Intoxikazio kanpaina" izan zen Pernando Barrena ezker abertzaleko kidearen hitzetan.

Beltza izan zen eguna Espainian martxoaren 11koa, eta beltzak izan ziren hurrengoak Euskal Herrian. Espetxeetan euskal presoek ere mendeku gosea pairatu behar izan zuten. Martxoaren 13an, Iruñeko Donibane auzoan Espainiako polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta okina hil zuten, ETA ez zioen afixa bere okindegian jarri nahi izan ez zuelako. Hilketagatik protesta egiteko manifestazio batean, 14an, Kontxi Sanchiz hil zen, sendiearen arabera, Ertzaintza jazarri eta gero bihotzekoak jota.

Lau egun zoro izan ziren. PP azkenera arte saiatu zen gertatutakoa ezkutatzen, baina orduak aurrera egin ahala herritarren haserrea areagotu egin zuen horrek, eta martxoaren 14ko hauteskundeetan Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko hautagaiak irabazi zion Mariano Rajoy PPkoari —Aznar ez zen aurkeztu—, aurreikuspen guztien kontra. PPk urteak behar izan zituen gertatutakoa barneratzeko, eta konspirazioaren teoria bat ere sortu zuen El Mundo egunkariaren eta COPE irratiaren laguntzarekin.

M-11ko biktimek behin baino gehiagotan salatu dute ez dituztela tratatzen ETAren biktimak bezala. Pilar Manjon M-11ko biktimen elkarteko presidenteak hala salatu zuen igandean, BERRIAren Igandea gehigarriak eskaini zuen zenbaki berezian. Egun zoroak izan ziren lau horiek, eta zoratu nahi izan zituen herritarrak PPk. Oraindik ere ez dute barkamenik eskatu esan zituzten gezurrengatik. Oraindik ere ez dute euren asmoen egia esan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.