Schengen eremuko herritarrak ezingo dira sartu AEBetan

Ostiral gauerdian sartuko da indarrean neurria, baina ez die eragingo atzerrian dauden AEBetako herritarrei. Dagoeneko, 1.135 lagun gaixotu eta 35 hil dira Estatu Batuetan.

Donald Trump. AEBetako presidetea, atzo gaueko agerraldian. DOUG MILLS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 12a
09:20
Entzun

Donald Trump presidenteak mugak itxi dizkie Europako Batasuneko Schengen eremuko 26 herrialdeetako herritarrei. Dekretua bihar gauerdian sartuko da indarrean, baina ez die eragingo ez estatubatuarrei, ez eta Erresuma Batuari eta Irlandari ere —biak baitaude Schengen eremutik at—. Koronabirusa Europan azkar zabaltzen ari dela argudiatuta eta EBko agintariei «huts egin» izana egotzita hartu ditu neurriok.

Debekuak AEBetara heldu aurreko 14 egunetan Schengen eremuan egon den edonori eragingo dio, baldin eta ez badu AEBetako herritartasuna. Neurriak, baina, ez die eragingo bi eremuen arteko merkataritza harremanei. Europan ez ezik, ordea, Estatu Batuetan ere zabalduz doa COVID-19 gaitza: azken datuen arabera, 1.135 dira gaixotutakoak eta 35 hildakoak.

Europako Batasunak salatu egin du Washingtonen jarrera, eta «alde bakarreko erabakiak» hartzea egotzi dio Trumpi. Twitterren zabaldutako mezu batean, Charles Michelek eta Ursula von der Leyen nabarmendu dute mugek ez dutela birusa geldiarazten, eta Bruselak dagoeneko hartu dituela haren aurkako neurriak.

Hainbat adituk kritikatu egin dute Gobernuak bidaiariei ezarritako debekua, eta ohartarazi birusak ez daki bereizten ez mugak ez nazionalitateak. AEBetan, birusak berak baino gehiago, gaixotzeak dakarren gainkostuak kezkatzen ditu herritarrak, ordainpekoak baitira osasun zerbitzuak.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaitza pandemiatzat jo eta ordu gutxira heldu da Trumpen erabakia. Buruzagi estatubatuarra ez da izan neurri gogorrak hartu dituen bakarra.

Italiako lehen ministro Giuseppe Contek iragarri du martxoaren 25era arte itxi egingo dituztela herrialdeko merkataritza gune ia guztiak; janari dendak eta botikak soilik mantenduko dituzte zabalik. Danimarkak ere ikastetxe eta unibertsitateak itxiko ditu bihartik aurrera.

Frantziaren kasuan, iluntzean agerraldia egitekoa da Emmanuel Macron presidentea. Gobernuko iturriek aurreratu dutenez, litekeena da herrialdea laster hirugarren fasera igarotzea, alegia, neurriak hartzea kutsatzeak modu mailakatuan izan daitezen. Horrek berarekin ekar dezake garraio publikoa bertan behera geratzea eta baita ikastetxeak ixtea ere. Fase horrek eragiten dio osasun sistemari ere, eta soilik larrien dauden gaixoak joango dira erietxera; gainontzekoak etxean geratu beharko dute, eta telefonoz emango zaie arreta. 

Latinoamerikara heldu dira debekuak

Ekuadorrek larrialdi egoera ezarri du herrialdean, kutsatzeak mugatzeko helburuz. Lenin Moreno presidenteak iragarri du «kasu gehien» dituzten herrialdeetatik heltzen diren herritarrek bi asteko berrogeialdia igaro beharko dutela. Horrez gain, etxetik lan egiteko aholkatu dute agintariek, eta garraio publikoa saihesteko. 

Neurriak hartu ditu Argentinak ere, eta Alberto Fernandez presidenteak iragarri du «osasun publikoaren aurkako delitu bat» egitea egotziko dietela berrogeialdiak urratzen dituztenei. Europatik, AEBetatik, Hego Koreatik eta Txinatik herrialdera sartzen direnei ezartzen diete berrogeialdia. «Hemen agertutako kasu guztiak atzerritik datoz. Italian lehertu da egoera, eta baita Espainian ere, eta laster AEBetan gauza bera gertatuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.