Europa

Schulzek Europako Parlamentua utziko du Alemaniako bozetan lehiatzeko

SPD Alderdi Sozialdemokrataren hautagai izateko asmoa agertu du Europako Parlamentuko presidenteak. Angela Merkelen aurka lehiatuko litzateke kantzilergorako norgehiagokan.

Martin Schulz, atzo goizean, bere asmoen berri emateko prentsaurrekoan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Samara Velte.
2016ko azaroaren 24a
14:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Martin Schulzek atzo goizean jakinarazi du Europako Parlamentua utziko duela urtarrilean, eta ez dela berriro haren presidentetzara aurkeztuko. Alemaniako 2017ko hauteskunde orokorretan du gogoa: SPD Alderdi Sozialdemokrataren hautagaia izango da Ipar Renania-Westfalia estatutik. Asmoa betez gero, Angela Merkel egungo kantzilerraren aurkari nagusia izango litzateke, SPD Alemaniako bigarren alderdi nagusia baita.

Gaur egun, koalizioan gobernatzen dute SPDk eta Merkelen CDU Batasun Kristaudemokratak. Azken asteotan hainbat espekulazio egon dira Schulzen etorkizunaren inguruan; izan ere, Errepublikako presidentearen kargua hutsik geratuko da otsailean. Bi alderdiek adostu zuten Frank-Walter Steinmeier Atzerri ministroa (SPD) izango zela haren ordezkoa, eta argitzeko geratu zen nork beteko zuen horren ostean Steinmeierren kargua. Schulzen izena atera zen; baina hark orain ihardetsi du nahiago duela gobernurako lehiatu.

2012ko urtarriletik da Europako Parlamentuko presidente; urte hartan bertan, Bakearen Nobel Saria Europako Batasunaren izenean jaso zuten hiru ordezkaritako bat izan zen. Duela bi urte, urrats bat gehiago egiten ahalegindu, eta Batzordeko buruzagitzara aurkeztu zen, baina Jean-Claude Junckerrek hartu zion aurrea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.