Bangkokeko Gobernuaren indar armatuek 107 ustezko matxino musulman hil zituen atzo, Thailandiaren hegoaldeko hiru probintziatan dozenaka erasotzailek egin zuten oldarraldia koordinatu handian. Guduka hauetan ere, hiru poliziak eta bi soldaduk bizia galdu zuten, Gobernuaren arabera. Musulmanak gehiengoan diren Thailandia hegoaldean gertatutako indarkeria oldeak 65 lagunen heriotza eragin du urte honen hasieratik, baina atzoko gertakariek ordura arte ikusi gabeko tamaina hartu zuten.
Thailandiako Armadako buruzagi nagusi Shaiasidh Shinawatara jeneralak prentsaurreko batean emandako datuen arabera, dozena bat kuartel militar eta polizia etxeri eraso zieten berrehundik gora matxino gaztek, Asiako hegoaldeko herrialdearen hegoko partean diren eta musulman erlijioko zein malaiar jatorriko herritarrak gehiengoan diren Pattani, Songkhla eta Yalako probintzietan. Erasotzaileetako batzuek su armak zituzten, baina gehienek aihotzak edo antzekoak baino ez zituzten eskuetan.
Erasoa izango zela aldez aurretik zekien Armadak
Shinawatar jeneralak zehaztu zuen Armadak erasoon berri jakin zuela aurrez eta, beraz, oldar egileen zain zeudela indar armatuak. Horiek horrela, matxinoen oldarraldia sarraski bihurtu zen. Armadako kuartelen eta polizia etxeen aurkako erasoek porrot egin ondoren, ihes egin zuten jazarleak Pattani hirialdeko Kreasae meskitan gerizatu ziren. Eraikin hau 6 orduz inguratu ostean eta bertako imanak matxinoen eta indar armatuen arteko negoziaketetan bitartekari gisa jarduteko prest azaldu zirelarik, Armadak eraso zuen, 32 gerrillari gehiago hilda eta 17 bizirik harrapatuta.
Jakrapob Penkair Bangkokeko Gobernuaren eledunak ziurtatu bazuen ere agintarien helburua ez zela ahal bezainbat matxino hiltzea, jazarraldiari irmoki erantzun nahi izan zela aitortu zuen. Internal Security Command segurtasun zerbitzuko buruzagi nagusi Panlop Pinmanee jeneralak atzoko oldar egileak «musulman separatistak» zirela zehaztu zuen. «Erabat ziur dago separatistak zirela eta lehenago asmo hauek berak izan zituztenek trebatu dituzte gerrillara», adierazi zuen ISCeko buruak.Thailandia hegoaldeko probintzietako poliziaburu Proong Bunphandurung jeneralak eman zituen argibideen arabera, «hildako matxinoetatik gehienak 15 eta 20 urte arteko gazteak ziren, baina hauen buru zeudenetatik bik 50 eta 60 urte inguru zeuzkaten». Bangkokeko agintari gorenen arabera, atzoko oldarraldia Thailandia hegoaldeko probintzietan estatu musulman bat eraikitzeko asmoa dutenei egotzi behar zaie. Hala, «matxino hauen ekitaldia ez da nazioarte terrorismoari lotua», aditzerat eman zuen Thailandiako lehen ministro Thaksin Shinawatrak. Gobernuburu thailandiarrak azpimarratu zuen, haatik, oldar egileek «motor berriak» zeuzkatela eta, beraz, «horrek agerian uzten du laguntza handiak dauzkatela, politikari zenbaitengandik zein ere droga trafikoari lotuta daudenen aldetik», ondorioztatu zuen.
Thaksin Shinawatrak ziurtatu zuen «diru goseak bultzatutako kriminaltzat» jo zituenekin amaitzeko ahaleginak oro egingo dituela bere gobernuak. Haatik, iragan martxoan Defentsa eta Barne ministroak zein ere Polizia nazioanaleko burua eta hegoaldeko probintziak bereardurapean dituen 4. eskualde militarreko agintari gorena aldatuta ere, indarkeria geldiarazterik ez du lortu Thaksinek.
1970 eta 1980. hamarkadetan egon ziren jazarraldiak zanpatzea lortu bazuen ere Bangkokeko gobernuak, indarkeria olde berri bati aurre egin behar dio azken lau hilabeteotan. Indarkeria hauek iragan urtarrilaren 4an hasi ziren, matxino talde batek kuartel bati eraso ziolarik, ekintza honetan lau militar hilda. Atzoko borrokaldien aurretik, oldar egite hauen ondorioz 65 lagunek bizia galdu zuten. Atzoko gertakari odoltsuek Thailandia hegoaldeko herritarrak asaldatuta utzi dituzte. Gerraren giroa nagusi zen atzo, musulman erlijioko biztanleak gehiengoan diren hiru probintzietako herri eta hirietako kaleetan Thailandiako Armadako ibilgailu blindatuak zebiltzalarik. Malaiar jatorrikoak diren herritar hauek Bangkokeko aginteak euren kontra daraman «gizarte eta kultura bazterketa politika» salatzen dute aspaldidanik.
THAILANDIA
Segurtasun indarrek gutxienez 107 musulman erasotzaile hil dituzte
Dozena bat polizia etxeri eraso zieten independentistek, baina militarrak zain zituzten barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu