Segurtasun Kontseiluak hilabete luzatu du Siriarako NBEren misioa

Oposizioko kideek Irakeko eta Turkiako hainbat muga postu hartu dituztela diote, eta Bagdadek tropak bidali ditu mugaraHil egin da asteazkeneko atentatuan zauritutako Segurtasun Nazionaleko burua

2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kideak azken egunotako zatiketa gainditu eta ados jarri dira erakundeak Sirian duen behatzaileen misioa 30 egun luzatzeko. Errusiak «baldintza politikorik gabe» misioa luzatzeko eskatu du bozketa egin baino lehen, Sirian diren 300 behatzaileak herrialdea utz ez dezaten. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere esan du osogarrantzitsua dela misioa indarrean mantentzea, eta Kofi Annanekin batera krisia konpontzeko lanean jarraituko duela hitzeman du. «Erantzukizun kolektiboa da», gaineratu du.

Etsita agertu da Ban, Mendebaldeko herrialdeek egun bat lehenago proposatutako ebazpenak aurrera egin ez duelako. Errusiak eta Txinak, ordea, Sirian esku hartze militarrari bidea irekitzen zion proposamenari emandako betoa defendatu dute.AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak Siriako herritarrei huts egitea egotzi diete Moskuri eta Pekini, baina, Vitali Txurkin Errusiako Atzerri ministroak Mendebaldearen propagandari egotzi dizkio salaketa horiek. «Al-Assaden gobernua ez du pertsona batek bakarrik osatzen, ezta talde txiki batek ere. Siriako herritarren zati bat ordezkatzen du, eta botere estruktura hori urteetan egon da indarrean. Hori hausteak kaosa eta gatazka dakartza. Elkarrizketa bidez eraberritzea, berriz, aukera arrazoizkoagoa da». Errusia azken aukera horretan lanean ari dela gaineratu du Txurkinek.

Bestalde, Mosku kezkatuta agertu da AEBek beren aldetik presio egiteko iragarri duten asmoarekin. Susan Rice AEBen NBEko ordezkariak herenegun esan zuen Segurtasun Kontseiluan kanpoko kideekin asmoa dutela Al-Assad gehiago estutzeko. «Txinak eta Errusiak hiru aldiz bota dute atzera ebazpena. Aukera balego, NBEn lanean jarraituko genuke. Baina estrategia zabalagoa daukagu, eta ezdiogu egiten duguna egiteari utziko ebazpenik ez dagoelako», adierazi zuen, bestalde, AEBetako Estatu Departamentuko eledun Patrick Ventrellek. Alexandr Lukaxebitx Errusiako Atzerri Ministerioko eledunak «asaldagarritzat» jo ditu AEBen asmoak, eta hemendik aurrera gatazketan nazioarteak izango duen egitekoa zehaztu behar dela adierazi du. Errusiak konponbide politikoa nahi duela berretsi du, eta Mendebaldeari eskatu dio Siriako oposizioa konbentzitzea elkarrizketara batu dadin.

Bestalde, Frantziak iragarri du EB Europako Batasuneko Atzerri ministroen asteleheneko bileran Siriaren aurkako zigor gehiago onartuko dituztela. Armen bahimendua indarrean jarri dezaketela aipatu du Parisko Atzerri ministro Laurent Fabiusek. Siriako egoera dramatikoa dela dio, eta azaldu du trantsizio politikoak aurrera egin dezan beharrezkoa dela zigor gehiago jartzea.

Segurtasun buruaren heriotza

Hixam al-Ijtiar Segurtasun Nazionaleko buruzagia hil zen atzo, Damaskoko ospitalean, asteazkeneko erasoan izandako zaurien eraginez. Al-Ijtiarren heriotzarekin lau dira guztira Baxar Al-Assad presidentearen Defentsako kupulako hildako goi kargudunak. Hain justu, atzo lurperatu zituzten asteazkenean Damaskoko atentatuan hil ziren Daoud Abdela Rajha Defentsa ministroa, Assef Xawkat Defentsa ministrordea eta Al-Assaden koinatua, eta Hasan Turkmani armadako jenerala eta presidentearen aholkularia.

Siriako Armada Askeak hartu zuen bere gain erasoa, eta, defentsako goi kargudunak hil ondoren, Al-Assaden aurkako «garaipen erdia» lortua duela adierazi du. Damaskon, baina, borroka gogorrekin jarraitzen dute, eta gobernuak jakinarazi du hiriko erdiguneko Al-Midan auzoa berreskuratu duela «terroristak eta mertzenarioak» kanporatu ondoren.

Oposizioko taldeek, berriz, Irakera eta Turkiara igarotzeko hainbat muga postu hartu dituztela adierazi dute, mugako guardiak kanporatuta. Bagdadek armadako bi brigada eta helikoptero unitate bat bidali ditu mugara, liskarrak Irakera zabal ez daitezen.

Oposizioaren esanetan, dozenaka lagun hil zituen atzo ere Al-Assaden armadak. Zenbakiak, ordea, ez datoz bat. Siriako Iraultzako Batzorde Nagusiaren esanetan, 102 lagun hil ziren atzo errepresioaren ondorioz.Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren datuen arabera, aldiz (Londresen du egoitza), 74, eta Herri Koordinaziorako Batzordeek145etik gora hil zirela adierazi dute. Biktima gehienak Damaskoko borroketan izan dira.

Boterean jarraitzeko asmoa

Gobernuak ukatu egin du Errusiak Frantzian duen enbaxadoreak esan bezala Al-Assadek boterea uztea onartu duela. Alexandre Orlovek elkarrizketa batean adierazi du presidentea kargua uzteko prest dagoela «modu zibilizatuan» egiten bada. Adierazpenak guztiz faltsuak direla esan du Damaskok, eta Orloven hitzak manipulatu egin dituztela gaineratu du. Orlovek Al-Assaden emaztea Errusian dela ere aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.