AEB. Armei buruzko eztabaida

Segurtasunaren paradoxa

Connecticuten gazte batek hainbat ume hil izanak mahai gainean jarri du berriz armei buruzko auzia; Obamak 23 proposamen egin dizkio Kongresuari, baina eraginkorrak izateko oztopoak gaindiezinak dira egun.

Segurtasunaren paradoxa.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
NRA Erriflearen Erakunde Nazionalak bere egoitzetan dauzkan tiro eremuetako ikastaroetan, hainbat galderari erantzun behar izaten diote ikasleek. «Zertarako nahi duzu arma bat?». Defentsarako dela izaten da erantzunik ohikoena. Beste bat, hauxe: «Inor hil al dezakezu?». Bai, jakina. NRAk, arma fabrikatzaileek eta saltzaileek agintzen duten erakunde boteretsuak, konstituzioaren bigarren zuzenketan —herritar orok eskubidea du armak izateko— eta bi galdera horien erantzunetan oinarritzen ditu armen erabilera sustatzeko argudioak: armek ez dute hiltzen, pertsonek baizik; arma bat metal puska bat besterik ez da, autoa izan daitekeen bezala. Arduraz erabiliz gero, ez da arriskutsua; alderantziz, arriskutik libra zaitzake. Conneticuteko Adam Lanzaren duela hilabeteko ekintza hilgarria eragotz zitekeen, Newtowngo ikastetxeko guardiek eta irakasleek armak izan balituzte. NRAren ustez, lege berriak ez dira beharrezkoak: gobernuaren pean dauden segurtasun indarrek kontrolerako beren lana egitea nahikoa litzateke.

Adam Lanzak, ordea, umetatik egiten zituen tiro praktikak, horretarako eremu batean. Amak eramaten zituen semeak beren burua defendatzen ikas zezaten. Lanzaren ekintzan ez zegoen legez kanpoko armarik, eta erosleak ez zuen deliturik egina, ez eta buruko gaixotasunik —amak erosi zituen—; are gehiago, Lanzak berak ez zuen gaixotasun jakin baten diagnosirik. Konturatzerako, 6-7 bat urteko hogei ume eta zazpi heldu hil zituen, ama barne. Bala zaparrada bat, eta akabo.

Malkotan jarri zuen herria duela hilabete, armak kontrolatzearen aldeko erakundeek kanpaina berezia hasi zuten, herritarrek ere bai, eta Barack Obama presidenteak «nahikoa» zela ondorioztatu zuen. Armen kontrola eztabaida politikoaren erdigunean jarri du Lanzak, eta horri erantzuteko Obamak presidenteorde Joe Bideni eskatu zion armen aldekoen eta kontrakoen erakundeekin eta politikariekin aurrelana egiteko, eta haiekin hitz egin ostean, proposamen bat ezartzeko mahai gainean, Kongresuari helarazteko. Bideni entzun osteko proposamenak dira atzo presidenteak aurkeztutakoak.

Obamaren neurriak

Aurretik eginak ditu inora iritsi ez diren adierazpenak armen auziaren gainean —Gabby Gifford legebiltzarkide demokrata 2011n larri zauritu eta sei lagun hil zituztenean gaia mahai gainean jarriko zuela esan zuen—. Orain, «ezberdina» izan behar du, eta presidenteak lege dekretuak egiteko erabil dezakeen boterea baliatuko duen arren (executive order), drama oraindik bero dagoenean egin ere, ezin du benetan eraginkorrak izango den neurririk hartu Kongresuaren baimenik gabe.

Etxe Zurian egin zuen atzo Kongresuak daukan erantzukizunari buruzko hitzaldia. Lau ume jarri zituen ondoan, presidenteari armak debekatzeko eskatuz idatzitako eskutitzen egileak; hainbat biktimaren senideak ere bai, eta Eric Holder fiskal nagusia eta Valerie Jarrett aholkularia ondoan zituela sinatu zituen Kongresura joango diren 23 proposamenak. Obamak ongi dakiena egin zuen: hitz egin, herritarren gogora zuzenean joz.

Kontrol handiagoaren beharraz mintzatzeko, gogorarazi zuen Newtowngoaz geroztik 900 estatubatuar hil direla su armaz: «Bada garaia Kongresuak azterketak egitea onar dezan edozein herritarri arma lizentzia eman aurretik». Arma bat nahi izanez gero, «zentzuzkoa da erakutsi behar izatea ez zarela espetxean egon, edo ez duzula bestelako kondenarik bete behar izan. Ez dago arrazoirik hori ez egiteko».

Datuen kontrolari buruzko neurriak dira, hain zuzen, Obamak hartuko dituenak. Agentzia federalei datuak ematea izango da bat, aurrekarien datuen sistema federala indartzeko, eta estatuen artean informazioa partekatzeko moduak sustatuko ditu. Justizia Departamentuak armak erabili ezin dituzten herritarren informazioa berriz aztertuko du, eta aurrekariak dituztenen datuak baieztatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

Erasorako armei buruzko neurriak ere eskatu ditu, nahiz eta haien debekua onartzea gaur -gaurkoz ezinezkoa den, kontra dituen errepublikano, demokrata kontserbadoreen, NRA bezalako erakundeen eta herritar askoren presioarengatik. Eskaera egin du, arren, erasorako errifleak debekatzeko, legez gaitasun handiko hamar kargadorera mugatzeko armak, eta arma eroslearen testuingurua estutzeko. «Gerrarako diseinatutako armek ez dute zinema areto batean lekurik». Coloradoko Aurora hirian izandako gertaera ekarri du gogora: 24 urteko mutil batek hamabi lagun hil zituen iaz.

Eskoletako segurtasunaren edota buruko gaixotasuna dutenen jarraipenarentzat ere lege federala izango da; heziketarako planak ere bideratuko ditu, eta kanpaina nazional handi bat ere zabalduko du armak arduratsu erabiltzeko eskatuz. Umeengan eta gazteengan sekulako eragina duten bideo joetan ere jarri zuen atzo hatza Obamak: «Umeengan indarkeria sustatzen duten bideo okoen eragina aztertu beharko luke Kongresuak».

Ekitaldian egondako neska baten eskutitza ekarri zuen gogora herritarren arreta bereganatzeko. «Kongresuak ez diola kasurik egingo esaten du eskutitzean, baina, hala ere, jarraituko duela eskatzen, armak isilaraz ditzaten».Eta hori da bidea, Obamaren ustez: «Hau aldatzeko modu bakarra herritarrek eskatzea da».

Bigarren zuzenketa

Armen aldekoek erabiltzen duten argudioari erantzunez bukatu zuen atzoko adierazpena Obamak, debekuak konstituzioaren bigarren zuzenketa urratzen dutela diotenei: «Hau beti izan da herritar askeen herrialdea, eta hori ez da aldatuko, baina ez gara bakarrik bizi, gizarte batean baizik, eta batak bestearen ardura daukagu. Libreki elkartzeko eskubidea kendu zitzaien Coloradon, Columbinen», eta hilketak izan diren beste lekuetan. «Chicagoko kaleetan ere gauero kentzen diete elkartzeko eskubidea ehunka gazteri».

Newtowngoaren larritasunak inoiz baino herritar gehiagoren kezka sortu du armen inguruan; inkestak eta inkestak egin dituzte gertaeraz geroztik: %80tik gora daude ia gehienetan erabiltzailearen kontrola zorroztearen alde —NRA bera ere bai—, eta erdiek bainogehiagok debekatu nahi lituzkete arma batzuk —ez denak—. Aldi berean, armategietako salmentek asko egin dute gora hilabetean, ikastaro horietako parte hartzaileek bezainbeste. Horrenbeste armen artean inor ez dagoelako seguru, eta aldi berean arma bat izatearekin lotzen dutelako segurtasuna. Larritzeko modua bada, AEBetako herritarrek dituzten armen kopurua, eta su armen ondorioz gertatzen diren hilketen bataz besteko proportzionala halako hamar da, Europako herrialdeekin edo Kanadarekin konparatuz gero.

Obamak bi hamarkadatan egin den saiorik sendoena eginda ere, bere 23 proposamenek nekez lortuko dute sarraskiekin amaitzeko eraginkortasuna. Obamak ezintasunak eman diezaiokeen porrota aurreikusita dauka, eta bere diskurtsoak horri erantzuten dio: ezein legek eta haren aplikazioak ez ditu hilketak eragozteko; buruko gaixotasunak dituztenak kontrolatu behar dira, gutxienez, ez dezaten erraza izan armak erostea. «Baina, batez ere, armak eta indarkeria gehiegitan goraipatzen dituen kultura aztertu behar dugu. Egin dezakegun edozein ekintzak etxe barruan hasi behar du, gure bihotzetan». Hala ere, argi dauka arazoa konplexuegia izanagatik ere ezin dela aitzakia izan erabakien garaia luzatzeko.

Obamak jakinarazpena egin aurretik, NRAk Interneten Stand and Fightbideoa (Zure jarrera defendatu eta borrokatu) jarri zuen: «Elitista hipokrita» deitzen dio presidenteari, eskoletan ez jartzeagatik guardia armatuak, bere alabek bizkartzainak dituzten arren. Armekin «segurtasunaren hedapen justua» lortzen da, haien ustez.

New Yorkeko aurrekaria

Adam Lanzak hiltzeko erabili zuen erasorako errifleak 30 bala eduki ditzake; errifle militarraren bertsioa da, eta hemendik aurrera New Yorken debekatuta egongo da.Herenegun hango Ordezkarien Ganberako 104 legebiltzarkidek onartu zuten AEBetan armak kontrolatzeko dagoen legerik gogorrena; kontra 43k egin zuten. Senatuan, 43 boto jaso zituen alde, eta hemezortzi kontra. Errepublikanoen nahiz demokraten ekimena izan da, eta besteak beste, zazpi bala zorrotegi baino gehiago saltzeko debekua hitzartu zuten, erasorako armak legez kanpo uztea, eta erosleen aurrekarien ikerketa zorroztea. Armak debekatzeko proposamena ere egon zen ekimen honen aurretik, baina gaurkoz pentsaezina da aukera hori.

Senatuko buruzagi errepublikano Dean Skelosentzat New Yorkeko legea egokia izan litekeAEBetarako, «orekatua» delako: ez duarmak konfiskatzeaz hitz egiten, konstituzioaren bigarren emendakina errespetatzen du.

Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak, berriz, «adorea» eskatu dio Kongresuari, NRA etabere gisako taldeei aurre egin eta armak saltzeko baldintzak gogortzeko neurriak har ditzan. Haren ustez. NRAk eztabaida manipulatzen du konstituzioaren bigarren zuzenketa aitzakia hartuta. «Arazoa ez da konstituzioa errespetatzen ari garen edo ez, Kongresuko ordezkariek adorea duten edo ez baizik, gure umeak eta herrialde osoa arriskuan jartzen duen talde baten interesen kontra joatzeko».

New Yorkek 2012an hildakoen kopuru txikiena izan du horrelako hilketak kontatzen hasi zirenetik, 1963tik, eta hori herrialdeko legerik gogorrenetakoak dituztelako, eta indarrean dauden legea zorrozki aplikatzen delako gertatu da, haren ustez. Hilketetan erabili diren armen %85, gainera, New Yorketik kanpokoak izan dira. Horregatik da horren garrantzitsua harentzat nazio mailan hartzea armen kontrako erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.