Hauek izan dira egunaren giltzarri nagusiak.
Hautetsontziak. Kanpaina hasi zenetik botopaperak, gutun azalak eta bertzelako materiala bahitu dute Espainiako indar armatuek, baina ez hautetsontzirik. Kataluniako Gobernuak duela bi egun aurkeztu zuen jendaurrean eredu bat, eta, gaur goizean, bata bertzearen gibeletik agertzen hasi dira herritarrek irekita mantentzea lortu dituzten bozkalekuetara. Batzuk, bederen, kontsuletxeetan gordeta eduki dituzte gaur arte. Bi elementu horiek erabakigarriak izan dira bozketa hasi ahal izateko: herritarrek joan den ortziralean bozkalekuak okupatzea eta hautetsontziak ailegatzea.
Indarkeria: Zer eginen du Espainiako Gobernuak? Galdera nagusia hori izan da azken asteotan. 09:00etan irekitzekoak ziren bozkalekuak, eta 08:00ak pasatuta argitu du estrategia Madrilek. Bartzelonako Ramon Llull eskolatik ailegatu diren irudiak izan dira lehenbizikotarikoak, ongi korazatutako Espainiako poliziak kanpoan ziren herritarrengana hurbiltzen. Hortik aitzinera, bata bertzearen gibeletik hasi dira Espainiako poliziak eta guardia zibilak bozkalekuetan bildutako jendeari oldartzen Kataluniako hainbat hiritan eta herritan. Azken datuen arabera, 465 herritar zauritu dituzte, "batzuk larri", Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak erran duenez.
Mossoak: Zer eginen dute mossoek? Azken asteotako bertze zalantza handi bat. Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadrako buruak erantzuna nahiko argitua utzi zuen ortziraletik, eskolak ixteko agindu bai, baina erresistentzia pasiboari indarrarekin ez erantzuteko agindua baitzien agenteei. 06:00etan amaitu da mossoek bozkalekuak husteko emana zuten epea. Zenbaitzuetara joan dira, eta han zeudenei esan diete joan egin behar dutela. Ez diete jaramonik egin, eta 06:00ak pasatu ostean hasi dira bozkalekuetan hautetsontziak eta botopaperak jartzen. Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak 09:00ak pasatuta egin duen agerraldian mossoak kritikatu ditu, haien artean "irizpide politikoa" nagusitu delakoan, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren agindua beharrean. Mossoek, baina, jakinarazi dute 15:00etarako 221 bozkaleku itxiaraziak zituztela, eta Twitter bidez erran dute Auzitegi Nagusiaren agindua betetzen ari direla:
Espainiako Gobernuaren mezua: Millo atera ondoren, Jose Ignacio Zoido Barne ministroak, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak eta Fernando Martinez-Maillo PPko koordinatzaile nagusiak egin dituzte agerraldiak. Guztiek bi mezu nagusi nabarmendu nahi izan dituzte: erreferendumak ez duela baliorik —poliziek eta guardia zibilek gaur ez ezik, azken egunetan ere azpiegituren aurka egin dituzten eraso guztiengatik—, eta indarraren erabilera "proportzionala" izan dela.
Nazioartea: Espainia indarra erabiltzen hasi denetik, Kataluniako ordezkari politikoek nazioarteari dei egin diote gertatzen ari zena salatu zezan. Hainbat arlotako jendeak idatzi ditu mezuak, Twitter bidez gehienbat. Ordezkari politikoen artean, aginte kargurik ez dutenak izan dira lehenbizikoak erreakzionatzen —eta, kopuruan, gehienak, nabarmenki—: Pablo Iglesias, Jean-Luc Melenchon, Jeremy Corbyn, Gerry Adams... Lehenbiziko agintaria Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa izan da. Europako Batasuneko estatuetako bi agintarik ere Espainiako Estatuari indarkeria gelditzeko eskatu diote: Cahrles Michel Belgikako lehen ministroak eta Miro Cerar Esloveniakoak. Nazioarteko hedabide handiei dagokienez, goizean goizetik ari da eguneko berri nagusia izaten.
Emaitzak: Lortu al du Espainiak erreferendumaren emaitzak zapuztea? Artur Mas kataluniako presidente ohiari eguerdian galdetu diote TV3n horri buruz, eta erran du eguna bukatu arte ezinen dela jakin. Arratsaldeko lehenbiziko orduan Turullek erran du bozkalekuen %96 irekita zeudela. Ilara luzeen irudiak han-hemenka zabaldu dira egun osoan.