Dena prest dago Qatarren hiru eguneko negoziazioak hasteko. Han dira Afganistango Gobernuaren ordezkariak, eta AEBetako ordezkari berezi Zalmay Khalizald ere, baina ez dirudi talibanek eurek hitz egiteko asmo handirik dutenik. Beharrik ere ez dute. Izan ere, azken hiru egunetan sei eskualdetako hiriburuen jabe egin dira, eta beste hamahirutan armadaren aurka jo zuten. Horrez gain, mugako lurralde ugari ere bereganatu dituzte, Kabuli are zailago eginez auzoko estatuetatik laguntza lortzea. Egoera horretan, Europako Batasuneko estatu kide zenbaitentzat Afganistanek migratzaileak deportatzeko «herrialde segurua» da oraindik ere, eta estatus horri eusteko eskatu diote Bruselari.
Alemaniak, Austriak, Herbehereek, Danimarkak, Greziak eta Belgikak aurkeztu dute eskaria. Belgikako Asilo gaietarako idazkari Sammi Mahdiren esanetan, estatu bateko «zenbait eskualde» seguruak ez izateak ez du esan nahi herrialde horretako herritar guztiei babesa eman behar zaienik. Auzia mahai gainean izango dute estatu kideek hilaren 18an egitekoa duten goi bileran. Mahdik aurreratu duenez, Bruselak kontrakorik ebatzi ezean, Belgikak jarraitu egingo du asiloa ukatu zaien afganiarrak deportatzen.
Bien bitartean, herrialdean talibanek erasoan jarraitzen dute. Afganistango indar bereziek aurre egin diete miliziei hiri nagusietan, Lashkar Gahn eta Kandaharren kasu, baina beste hiri batzuetan armadak egin du talibanen aurka, eta horietan miliziena izan da garaipena. Horiek hala, Kabulek galdua du fedea elkarrizketetan, eta gerra jauntxoen elkarlanarekin egoera irauliko duen esperantza du, nahiz eta ez dion uko egin elkarrizketetan pate hartzeari.
Ashraf Ghani presidentearen gertukoek zabaldu dute estatuburuak gero eta babes txikiagoa du bai etxean eta bai atzerrian. Horiek hala, gero eta gehiago ari dira ohartarazten herrialdea gerra zibil baten atarian dagoela. Batez ere, Pentagonoko iturrien azken erantzunaren ostean. Washingtonek berretsi du Kabuli laguntzen jarraituko duela, talibanen ustezko gotorlekuak bonbardatuz, baina iragarri du laguntza hori «mugatua» izango dela. Izan ere, Etxe Zuriaren begietara afganiarrei dagokie orain herrialdea defendatzea.