KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

Sei hilabete barru izenpetuko dute Kolonbian bake akordioa

Gatazkaren inguruko epaitegi berezi bat sortuko dute, eta Amnistia Lege bat ezarri. Amnistia horrek ez ditu aintzat hartuko gerra krimen, sexu indarkeria, bahiketa, genozidio, desagertze behartu eta tortura delituak, besteak beste. 2016ko martxoaren 23rako izenpetu beharko dute behin betiko bake akordioa. Elkarri bostekoa eman diote Santos presidenteak eta Timochenko FARCeko buruak.

Juan Manuel Santos, Raul Castro eta Rodrigo Londoño, elkarri bostekoa ematen. ALEJANDRO ERNESTO / EFE
jon olano
2015eko irailaren 24a
08:23
Entzun

"Bakearen unea da". Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidenteak hitz horiekin amaitu du gobernuak eta FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek justizia trantsizionalaren arloan lortutako akordioaren aurkezpena. Horren arabera, bi aldeek akordioan bildu dute gatazkaren inguruko auzitegi berezi bat ezartzea, Kolonbiako konstituzioaren eta nazioarteko legeriaren arabera jokatuko duena.

Egia, erreparazioa eta indarkeria ez errepikatzeko bermeak beharrezkotzat jo ditu Santosek, eta auzitegi bereziak aintzat hartuko du hori zigorrak ezartzerakoan; gehienez hogei urteko espetxe zigorra ezarriko diete krimenen erruduntzat jo eta egiletza aitortzen ez dutenei, eta bost eta zortzi urte artekoa hala egiten dutenei.

Kolonbiako Estatuak, bestalde, amnistia "ahalik eta zabalena" emango du "delitu politikoengatik" zigortutakoei; ez dituzte hor sartuko gerra krimen, tortura, bahiketa, desagertze behartu, exekuzio, gizateriaren aurkako krimen edo indarkeria sexual kasuak.

Behin betiko akordioa sinatzeko epemuga ere adostu dute gobernuak eta FARCek: 2016ko martxoaren 23a. Gehienez, akordio hori izenpetu eta 60 egunera hasi beharko du FARCek armagabetzea; maiatzaren 23an, beraz.

Bi aldeak, pozik

Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko buruzagiak eta Santosek bostekoa eman diote elkarri akordioaren aurkezpenaren amaieran, eta horiei batu zaie Raul Castro Kubako presidentea. Timochenkok nabarmendu du bake jurisdikzio berriak "gatazkaren alde guztiei" eragingo diela, ez soilik gerrillari, eta pozik agertu da akordioarekin.

Santosek FARCen urratsa aitortu du: "Arerioak gara, baina bide berean goaz". Santosen hitzetan, armagabetzean gerrillari "segurtasun berme guztiak ematea" dagokio gobernuari, eta garrantzitsutzat jo du sistema "extrajudizialik" ez adostu izana: "Beste gatazka armatu batzuentzat itxaropentsua izan daitekeen aurrekaria ezartzen ari gara".

Puntu gatazkatsua, desblokeatuta

Gobernuaren eta FARCen ordezkariek negoziatu dituzten puntuen artean, justizia trantsizionalarenean eman dute denbora gehien —2012ko azaroan hasi zituzten negoziazioak, eta puntu horrekin 2014ko ekainean hasi ziren—. Korapilo hori askatuta, ordea, alde biko su-etena eta akordioak bete eta egiaztatzeko mekanismoen ezarpenak hitzartzea faltako litzaieke.

Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak 2013an argitaratutako datuen arabera, gatazka armatuan 55 urtean 220.000 lagun hil zituzten, 27.000 bahitu, eta 25.000 desagerrarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.