Lurrikara Marokon

Seismotik bizirik ateratakoak aurkitzeko atzerako kontaketa

Gutxienez 2.862 dira ostiral gaueko lurrikaran hildakoak Marokon, eta 2.562 zaurituak. Erreskate taldeak eta diru laguntzak bidali dituzte nazioartetik, baina zailtasun handiak dituzte hondakin artean harrapatutakoak ateratzeko.

Herritar eta turista talde bat odola ematen, gaur, Marrakexeko erietxe batean. JALAL MORCHIDI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko irailaren 11
11:31
Entzun

Milaka lagunek hirugarrenez eman behar izan dute gaua kalean, ostiral iluntzean Marrakex hego-mendebaldea astindu zuen 6,9 graduko lurrikararen ostean. Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, gutxienez 2.862 dira hildakoak, eta 2.562 zaurituak. Baina erreskate taldeek biktimen bila jarraitzen dute, eta ziurtzat jo dute datozen orduetan handitu egingo dela biktima kopurua. Izan ere, errepide asko itxita daude, eta herrixka askotara ez da laguntzarik heldu. Dena den, Rabatek nabarmendu du desagertuak aurkitzea dela orain gobernuaren lehentasuna.

Tabatek armada mobilizatu du Atlas mendietan bizi diren komunitateetara laguntza bidaltzeko. Inguru haietan, bizilagunak eurak aritu dira gorpuak ateratzeko lanetan, eta, Al-Jazeera telebista kateak zabaldu duenez, hobi komunak zabaldu dituzte hilotzak lurperatzeko. Bien bitartean, nazioarteko laguntza heltzen hasia da herrialdera. Frantziak iragarri du bost milioi euro emango dizkiola Rabati, eta Txinako Gurutze Gorriak 186.400 euroko laguntza iragarri du.

Erreskate lanetarako boluntarioak ere heltzen hasiak dira; besteak beste, Espainiatik eta Qatartik. Bitartean, baina, Marokoko herritarrak dira biktimei laguntzen ari direnak. Jada antolatu dute odola biltzeko egitasmo bat, eta, gobernuko iturrien arabera, 6.000 litro inguru bildu dituzte. Rabatetik ere milatik gora mediku eta erizain heldu dira Marrakexera.

Estatuburuaren aurkako kritikak ere ozentzen hasiak dira herrialdean, Izan ere, joan den larunbatean heldu zen Mohamed VI.a Rabatera —Parisen zegoen irailaren 1etik—, baina oraindik ez da joan kaltetutako eremua ikustera.

Azken hamarkadetako latzena

Gertatu baino minutu gutxi lehenago iragarri zuen lurrikara Marokoko Geofisika Institutuak. Baina, ordu horretan, etxean edo jatetxeetan afaltzen zeuden herritar andana. Larunbatean jakinarazi zuenez, lurrikara gertatu ondoren ehunka erreplika izan ziren, baina ez ziren izan lehendabizikoa bezain handiak. Espainiako Institutuak, berriz, Marokon izan zen 4,8 graduko lurrikara baten berri eman zuen. Horrek Berrechid izan zuen erdigune, eta Espainia hegoaldean ere sumatu zen.

Afrikako inguru horretan bi plaka tektonikok jotzen dute elkar, Afrikakoak eta Eurasiakoak, eta ohikoak izaten dira mugimenduak. Hildakoen eta zauritutakoen kontaketa oraindik amaitu ez bada ere, jada jakina da azken hamarkadetan Marokon izan den lurrikararik latzena izan dela. Duela 60 urte pasatxo, 1960ko otsailaren 29an, 5,7 graduko lurrikara batek Agadir hiria suntsitu zuen, eta 15.000 pertsona hil zituen. 2004ko otsailaren 24an, berriz, Al-Hoceiman 6,4ko lurrikara batean 628 hildako izan ziren.

Mugatik gertu ere, Aljerian, izan zen ostiralekoaren antzeko ezbehar bat: 2003ko maiatzaren 21ean, 7,3 graduko lurrikara bat izan zen, eta 2.500 pertsona hil eta 300.000 zauritu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.