Guatemala

Semilla behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia bertan behera utzi dute

Guatemalako presidente hautatuak alderdia berreskuratu du, «estatu kolpe» saiakera bat salatu eta gutxira. Hauteskunde Batzorde Gorenaren aginduak prozesu elektorala amaitu arte iraungo du, urriaren 31ra arte.

Protestariak Arevalok salaturiko «estatu kolpe» saiakeraren kontra manifestatzen, joan den larunbatean. ESTEBAN BIBA / EFE
ander perez zala
2023ko irailaren 4a
12:22
Entzun

Guatemalako hauteskunde orokorren ondorena geroz eta korapilatsuagoa bilakatzen ari da; batez ere, erabaki judizialen ondorioz. Bernardo Arevalo presidente hautatuak «estatu kolpe» saiakera bat salatu eta gutxira, Hauteskunde Batzorde Gorenak atzo jakinarazi zuen bertan behera utzi duela Arevaloren alderdia, Semilla Mugimendua, behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia. Eta estatuko hiru botereei —legegileari, exekutiboari eta judizialari— zera eskatu zien: «Hautetsontzietan adierazitako herriaren nahia errespetatzeko». Semilla, hortaz, alderdi politiko bat da oraindik ere.

Hauteskunde Batzorde Goreneko organo batek, Herritarren Erregistroak, joan den aste hasieran hartu zuen Arevaloren indarraren kontrako erabakia, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez, alderdiak ustez 2017. eta 2018. urteen artean jasotako sinadura faltsuen aferarengatik. Hain justu, iragan abuztu amaieran egindako hauteskunde orokorren emaitzak ontzat jo ostean etorri zen erabaki hori; hauteskunde horietan Arevalok jaso zuen babesik handiena, botoen %60,9 bilduta.

Semillaren hautagaiaren garaipena aldaketa baten lehen pausoa izan da, Guatemalak presidente kontserbadoreak eta eskuindarrak izan baititu 1986an demokrazia ezarri zutenetik. Berritasun horrek kontrako jarrerak eragin ditu sektore batzuetan, eta Arevaloren garaipena deuseztatzeko saiakerak ere bai; kasurako, Sandra Torres presidentegai eskuindarrak oraindik ez duela lehiakidearen garaipena onartu —botoen %39,1 jaso zituen hark—.

Presidente hautatuarentzat —datorren urtarrilaren 14an hartuko du kargu hori—, «justizia bermatu behar duten erakundeetatik estatu kolpe bat» sustatzen ari dira, joan den ostiralean egindako agerraldi batean salatu zuenez. Izen-abizenak ere aipatu zituen: tartean, Consuela Porras fiskal nagusia —hark eskatu zuen Semilla legez kanpo uzteko—, Orellana epailea eta Kongresuko Zuzendaritza Taldea, «beste eragile ustel eta antidemokratikoekin» batera. Arevaloren arabera, horiek guztiek «ordena konstituzionala hautsi» nahi dute, eta horregatik deitu zituen herritarrak manifestazio baketsu bat egitera —iragan larunbatean atera ziren kalera milaka lagun—.

Talde parlamentarioaren afera

Orain, Hauteskunde Batzorde Goreneko bost epaileek harturiko erabakiaren ondorioz, Semillaren behin-behineko legez kanporatzea etenda dago datorren urriaren 31ra arte, hauteskunde prozesua amaitzen den arte. Eta ikusteko dago, gainera, zer gertatuko den alderdiaren Kongresuko diputatuekin ere, talde parlamentarioa osatzea eragotzi baitzieten, eta independente gisa jo baitzituzten. Parlamentuko Zuzendaritza Taldeak Afera Juridikoen Zuzendaritzara bidali du jada kasua, eta, printzipioz, horrek jakinaraziko du zein izan behar den hurrengo pausoa.

Luzera begira, hortaz, ikusteko dago zer gertatuko den Semillaren legez kanporatzearekin; batez ere, urriaren 31tik aurrera. Hauteskunde Batzorde Goreneko epaileek ez zuten iritzirik eman Herritarren Erregistroak harturiko erabakiaz, eta, beraz, horrek agerian utzi du, Guatemalako hainbat analistak hango hedabideetan azaldu dutenez, ez dagoela irizpideei buruzko adostasunik magistratuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.