Augusto Pinochet diktadoreari Ð1973tik 1990era agindu zuen- senda-agiria eman zioten atzo. Santiagoko ospitale militarrera eraman zuten iragan larunbatean, «garunetako hodietako istripua» izan ondoren. Hobera egin etaetxera eraman zutela jakinarazi zuen atzo Guillermo Garin eledunak. «Tratamendua etxean jasoko du orain».
Txileko Auzitegi Gorena, bien bitartean, gaur da ematekoa agintari ohiaren defentsak herenegun aurkeztutako babes helegitearen ebazpena. Bi aldeek defentsa eta akusazioko abokatuek euren arrazoibideak agertu zituzten atzo Gorenean. Pablo Rodriguez abokatuak diktadorea ez dagoela epaiketa bat jasateko baldintza «fisiko eta psikologikoetan» berretsi zuen atzo. Pinochetek garunetako hodietako beste istripu bat baldin badu amaiera «zorigaiztokoa» izango dela zehaztu zuen. Eduardo Contreras abokatu auzi-jartzailea, berriz, ironiaz mintzatu zen: «Bitxia da gaixo honi gertatzen zaiona, larunbatean gaixoen oliadura jaso zuen eta lau egun geroago senda-agiria ematen diote». Hector Salazar abokatuak diktadorearen gaixotasuna «baliabide eragingarritzat» jo zuen: «Gorenean, baina, ez dut uste eragingarria izango denik».Helegite Auzitegiak iragan astelehenean aho batez bota zuen atzera defentsaren babes helegitea. Juan Guzman epaileak agintari ohiari bederatzi bahiketaren eta hilketa baten erantzule izatea leporatu eta auzipetzea erabaki zuen hilaren 13an. Hego Amerikako hainbat diktadorek oposizioa desagerrarazteko hasi zuten Condor Operazioan parte hartzea leporatzen dio, hain zuzen ere, epaileak. Gorenak gaur babes helegitea atzera botatzen badu, diktadorea auzipetzeko bidea emango du. Pinocheti, hartara, etxe barruko atxiloketa ezarriko diote.Lucia Pinochet diktadorearen alabak epailearen jarrerarekin «harrituta» dagoela esan zuen: «Lehen nire aitaren laguna zen, eta agintean egoteari utzi zionean haren aurkari bilakatu zen. Garzonen rola jokatzen ari da».
TXILE
Senda-agiria eman diote Pinocheti, eta gaur emango du ebazpena Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu