SER da gehien entzuten den irratia Hego Euskal Herrian, EGMren arabera

Irrati formulen artean 40 Principales da entzule gehien duena EAEn, eta Kiss FM, Nafarroan

urtzi urkizu
2006ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herri osoko datuak kontuan hartuz, SER irratia da gehien entzuten dena alde handiarekin. EGMren urteko bigarren inkestaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan SER-ek %32,9ko share-a du astelehenetik ostiralera, eta Nafarroan, %28,7. Radio Euskadi bigarren tokian dago EAEn (%20). Nafarroan, berriz, Onda Cero da SER-etik gertuena dagoena (%19). RNEko Radio1 irratiak, bestalde, pareko datuak ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%11,2) eta Nafarroan (%11,8). Radio Euskadi laugarren tokian ageri da Nafarroan (%6,6). Coperen daturik ez du eman bigarren aldiz EGMk inkesten faltsuketen afera dela eta, baina akordio batera iritsi dira hurrengo inkestan sar dezaten.

Irrati formulei dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan C40 Principales da entzule gehien duena Kiss FMren aurretik. Nafarroan, aldiz, Kiss FM da liderra eta alde handia ateratzen dio C40 Principalesi. Euskadi Gaztearen daturik ez da ageri EGMko sailkapen horretan.

Telebista kateen denboraldi osoko datuak argitaratu ditu EGMk. 2005eko urritik 2006ko maiatzera doazen hilabeteetako batez bestekoak kontuan hartuta, ETB1ek %4ko share-a izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,3 Nafarroan. Tele5k sendo eusten dio lidergoari EAEn, eta Antena3 eta TVE1 kateei alde handia ateratzen die. Nafarroan, ordea, TVE1k ditu daturik onenak eta bigarren lekuan Antena3 dago. Iaz CIESek eman zituen datuei jarraiki, Tele5k beheranzko joera darama azkenaldian Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.