Hilaren hasieran EB Europako Batasunak amaitutzat eman zuen Serbiaren eta Kosovoren arteko bitartekaritza lana, baina bi astera berriro ere mahai berean dira. Akordiorik erdietsi gabe segitzen dute, eta EBk hurrengo astelehenera arteko epea eman die Belgradi eta Pristinari. Desadostasunerako iturri nagusia berbera da oraindik: Kosovoren iparraldeko serbiarrei eman beharreko autonomiaren botereak. «Desadostasunak benetan txikiak dira», adierazi du Catherine Ashton EBko diplomazia arduradunaren bozeramaile Maja Kocijancicek. Kosovoko eta EBko iturriek adierazi dutenez, gaur jarraituko dute negoziazioek.
Ivica Dacic Serbiako lehen ministroa eta Hashim Thaci Kosovokoa aurrez aurre eseri dira berriro. Kosovoren iparraldeko serbiarrei autonomia zabal bat onar diezaioten nahi du Belgradek, besteak beste, berezko Polizia eta justizia sistemarekin. Pristinak, ordea, Kosovoko Konstituzioan oinarritutako autonomia bat eman nahi die; horrek botere murritzak utziko lituzke serbiarren esku. Serbia presiopean ari da negoziatzen, EBko kide izateko elkarrizketak hasteko asmoa baitu, baina Bruselak baldintzatzat paratu dio Kosovorekin harremanak normaltzea. Kosovo, berriz, EBrekin «egonkortasunerako eta elkarlanerako» akordio bat egiteko negoziazioetan hastekoa da.
Espainiari eskaera Europatik
Europako Parlamentua ere mintzatu da Kosovoren inguruan. Zehazki, Serbiako probintzia ohia estatu independentetzat onartu ez duten EBko bost kideei eskatu die jarrera aldatzeko. 404 parlamentarik eman dute horren aldeko botoa, 131k aurkakoa eta 59k abstentzioa. EBko kide horien artean dago Espainia. Ez du Kosovo onartzen, Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat independentzia aldarrikatzeko eredu izan litekeelakoan. Beste kideak Grezia, Errumania, Eslovakia eta Zipre dira. Horiek gutxiengo etniko handiak dituzte mugen barnean, eta, Zipreren kasuan, Kosovo eredu izan liteke uhartearen iparraldeko zati turkiarrarentzat.
Serbiak eta Kosovok astelehenera arteko epea dute akordioa egiteko
Pristinaren menpeko serbiarren autonomia da desadostasun iturri nagusia; negoziatzen jarraitzekoak dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu