Ratko Mladic Bosniako serbiarren jeneral ohia Hagako Auzitegiaren esku dago dagoeneko. Serbiako Justiziak atzera bota du defentsaren abokatuak estradizioaren kontra jarritako helegitea, eta Snezana Malovic Serbiako Justizia ministroak berehala sinatu du estradizio agindua. Atzo arratsaldean Hagako (Herbehereak) Scheveningen kartzelara bidean jarri zuten hegazkinez ustezko gerra kriminala. Genozidio eta gerra krimenkarguei egin beharko die aurre han.
Mladicen osasun egoeragatik jarri zuen defentsak helegitea, «buruko isuria izan zuen iaz, eta hainbat gaixotasun kroniko ditu». Hala ere, ezezko borobila jaso eta abian jarri dute estradizioa. Dena dela, operazioa amaitu arte ez duela informazio gehiago emango aurreratu du Serbiako Gobernuak, segurtasun arrazoiak medio.
Mladic hegazkinean Hagara zioan bitartean, bere aldeko manifestazioa egin zuten 10.000 lagunek Bosnia eta Herzegovinako Serbiako Errepublikako Banja Luka hirian. «Santu bat zara guretzat» eta «Serbiako heroia» oihukatu zuten, besteak beste, manifestariek.
Iragan ostegunean harrapatu zuen Serbiako Poliziak Mladic, Lazarevo herrixkan, hamasei urtean justiziarengandik ihesi ibili ostean. Hagako Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak 1992tik 1995era bitartean Bosniako gerran genozidioa eta hainbat krimen egin izana leporatzen dio Mladici, eta Serbiako Justiziak Hagaren esku utziko zuela esan zuen atxilotu zutenetik. 1995eko uztailean Bosniako Srebrenican adin guztietako 8.000 gizon musulman hil zituzten, eta hilketaren zuzeneko erantzukizuna egozten dio Hagak.
Hurrengoaren bila
Behin Hagako kartzelan sartutakoan, osasun azterketa egingo diote lehenik, eta epaileen aurreko lehen agerraldia prestatuko dute gero. Bere kontrako karguak irakurriko dizkiote —genozidioa, gerra krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak—, eta erruduna ala errugabea den esateko aukera izango du. Baliteke Mladicek auzitegia ez onartzea, baita abokaturik ez onartzea ere, prozesua atzeratu nahian. Dena dela, oraindik zehazteko dago zein egunetan hasiko den epaiketa.
Azken bi hilabeteak lehengusu baten etxean egin ditu Mladicek, Belgradeko Blic egunkariaren arabera. Baliabide ekonomikoak bukatu zitzaizkiolako ezkutatu omen zen Lazarevoko lehengusuaren etxean. Hain justu, bere finantza bideak itxi zizkion Mladicen bila zebilen Serbiako Gobernuko taldeak.
Ustezko kriminal bat harrapatuta, beste baten bila dabil dagoeneko Serbia. Goran Hadzic Kroaziako serbiarren lider ohia du orain jomuga, azkenengo ustezko gerra kriminala. Agintariek ez dute etsiko hura atxilotu arte, Bruno Vekaric gerra kriminalak harrapatzeko Serbiako fiskal laguntzaileak esan duenez. Hadzicek 52 urte ditu, eta 1991tik 1995era Kroaziako gatazkan eginiko ustezko krimenengatik salatu zuen Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak 2004an.
Harrezkero, ezkutuan bizi da Hadzic. Hura harrapatzeko azken operazioa iragan abenduan egin zuen Serbiako Poliziak familiaren Belgradeko egoitzan, baina ez zuten haren arrastorik aurkitu.
Serbiako Justiziak Hagaren esku laga du Ratko Mladic ustezko gerra kriminala
Genozidioa, gerrako krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak leporatuko dizkio Hagak jeneral ohiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu