Seulek uharteetako tropak bikoiztu, eta borrokarako arauak gogortu ditu

Hego Koreako Defentsa ministroak dimisioa eman du, Ipar Koreak eraso gehiagorekin mehatxatu duen egun berean

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Erasoaz geroztik lehen aldiz, kazetariek Yeonpyeong uhartera bidaiatu ahal izan zuten atzo. Haiekin batera itzuli ziren herenegun bertatik ihes egin behar izan zutenetako asko, geratzeko asmotan batzuk eta Ipar Korearen bonbardaketak eragindako kalteak ikustera besteak. Misilek utzitako zuloak eta hondamendia bista-bistakoak dira oraindik uhartean, eta hark piztutako haserrea bizi-bizi dago herritarren eta agintarien artean. Horregatik, eta oposizioaren nahiz alderdikideen kritikei erantzunez, uharteetan dituzten soldaduak bikoiztea eta borrokarako arauak gogortzea erabaki du Hego Koreako presidente Lee Myung-bakek. Orain arte, «gatazka ez areagotzeko» Seulek «ahul» erantzuten zien Piongiangen erasoei, baina asteleheneko bonbardaketan lehen aldiz eremu zibil bati eraso zion Kim Jong Ilen erregimenak.

Hego Koreak ez du, baina, politika militarra aldatu bakarrik, Defentsa ministro Kim Tae-youngek ere dimisioa eman zuen atzo, erasoa izan eta bi egunera. Ordu batzuk lehenago uhartera egindako bisitan bere erantzukizuna onartu zuen gertatutakoagatik. «Ipar Koreako armadak egindako erasoak ez zuen inoiz gertatu behar». Ez da lehen aldia Defentsa ministroa kargua uzteko prest agertzen dela. Joan den martxoan Ipar Koreak Hegoaldeko gerraontzi bat hondoratu eta 46 marine hil zituen; orduan, hala ere, estatuburuak atzera bota zuen Kimen eskaintza.

Aldiz, Iparraldeko aginteak Hego Koreari egotzi dio gertatutakoaren erantzukizuna. Piongiangeko iturri ofizialen arabera, Hegoaldeko soldaduak izan ziren tiro egiten lehenak, eta telefono bidez gelditzeko eskatu bazieten ere, berdin jarraitu zuten. Ondorioz, Ipar Koreak «erantzun egin behar izan zuen». Buruzagi komunistaren iritziz, Washingtonek ere badu zerikusia gertatutakoarekin, finean hark ezarri baitzituen itsasoko mugak bi nazioen arteko gerra amaitu zenean, 1953an. Bide beretik, eta etzi AEBek eta Hego Koreak hastekoak dituzten maniobra militarren kontura, Kim Jong Ilek ohartarazi du «bigarren eta hirugarren aldiz bonbardatuz» erantzungo diola edozein probokaziori.

Hizketaldirik ez

Bai Seulek eta baita Washingtonek ere NBEko Komandoarekin biltzea proposatu diote Piongiangi, astelehenean gertatutakoa argitzeko; hark, ordea, atzera bota du eskaera. «Antza, ez du onura praktikorik ikusten elkarrizketetan», azaldu du Hego Koreako Defentsa Ministerioko eledunak.

Mendebaldetik iritsitakoa, hala ere, ez da negoziazioetarako dei bakarra izan. Txinak, Ipar Koreak duen aliatu bakarrenetarikoak, antzeko eskaera luzatu dio. Pekinek, bezperan nazioarteak egindako galderari erantzunez, seikotearen bilerak berriz hastea proposatu die alde guztiei -Hego eta Ipar Korea, AEBak, Txina, Japonia eta Errusia dira seikoteko kideak-. «Alde guztiek ahalegina egin behar dute euren kezkak era egokian azaltzeko», nabarmendu du Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Beste aldetik, ordea, Hego Koreak ere Txina eta Errusiaren babesa bereganatzeko lanean jarraitzen du, bi herrialde horiek baitira Ipar Korearen defentsan atera izan diren bakarrak. Biek, bai Moskuk bai Pekinek beto eskubidea dute NBEko Segurtasun Kontseiluan, eta edozein zigor eskaera eten dezakete.



Gerra ostean, nazioarteak erabaki zuen Ipar eta Hego Korearen arteko itsas muga; Piongiangek, ordea, ez du onartzen, eta aldaketak eskatzen ditu.

Gatazkaren marra gorria

A. E.

Hego eta Ipar Korearen arteko etsaigoa ez da berria. Ez eta bigarrenak lehenaren aurka egin ohi dituen erasoak ere. Hegoaldekoak beldur dira Iparraldeko bizilagunez, eta Iparraldekoek Hegoaldeari egozten diote nazioarteak euren kontra hartutako zigor neurrien errua. Gerra garaitik datozen sentimenduak dira biak ere. Orduan NBEren eta AEBen laguntza izan zuten lehenek eta Txina eta Errusiarena bigarrenek. Garai hartan Piongiangek uko egin behar izan zion uharteak bereganatzeko ahaleginari, itsasoko armada ahulegia baitzuen AEBekin parekatuta. Galdutzat eman zituen hasieratik itsasoko ondasunak.

Gerra amaitutakoan, Mendebaldeko potentziek bi nazioen arteko muga ezarri zuten, eta Hego Korearen kontrolpean utzi zituzten bai uharteak eta baita haien inguruko itsaso eremua ere. Gaur egun, Ipar Korea zaintzeko toki estrategiko bilakatu dira irlak, eta bertan ditu Seulek soldadu eta base militar gehienak ere.

Ipar Korea, ordea, ez dago konforme ezarritako mugarekin, eta itsasoan beste marra bat marrazteari ekin dio. Ez dute gehiegi askorik Hegoaldearen esku geratutako uharteek; bai, aldiz, inguruko itsas-eremuak.

Arrantza

1999an hasi zen Ipar Koreako estatuburu Kim Jong Il Hegoaldearena zen itsaso eremuan interesatzen. Han ez dago ez gasik ez petroliorik, bai, ordea, arrantzarako inguru ezin hobea. Gaur egun, hegokorearrak soilik baliatzen dira hortaz, baina Ipar Korearen gainean nazioarteak ezarritako zigor neurriak kontuan izanik, altxor bikaina bilakatu da hura Piongiangentzat, itsasoko produktuen esportazioa baita euren diru iturri ia bakarra.

Orain arte bezala jarraitzea da, oraingoz, Hego Koreak duen irtenbide bakarra. Iparraldeak, berriz, Txina eta Errusiaren babesa izanik, ez dirudi noizbehinkako eraso eta indar erakustaldiak geldituko dituenik. Hori eginez nazioarteak zigor gehiago ezar diezazkioke, baina ez dirudi horrek Iparraldearen politiketan eraginik duenik. Gainera, Kim Jong Ilek aukeratu berri du bere ordezko izango dena: semea. Eta pentsa daiteke semeak aitaren bide bera jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.