Seulekiko loturak eten, eta armada alerta egoeran jarri du Ipar Koreak

Hego Koreak ez dituela mugak errespetatu salatu du Piongiangek, eta berriz gertatuz gero militarki erantzungo duela ohartarazi

2010eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gatazka giroa areagotuz doa Koreako penintsulan. Hala, Ipar Koreak jakinarazi zuen atzo Hego Korearekiko harremanak eten dituela. Piongiangek bere armada alertan jarri du, eta azken egunetan Hego Koreako ontzi andana bere uretan sartu direla salatu ondoren, hori berriro gertatzen bada militarki oldartuko dela ohartarazi du.

Ipar Koreako KCNA informazio agentzia ofizialak zabaldutako ohar batek du Hego Korearekiko komunikazio ororen eteteaz berri eman. Piongiangek kanporatu egingo ditu Ipar Korean kokatutako Kaesongeko industrialdean lanean ari diren Hego Koreako langileak. Azkenik, betiere KCNAren oharraren arabera, Ipar Koreak bere aire eta itsas eremuan sartzea debekatuko die Hego Koreako hegazkin eta itsasontziei.

Mendeku neurri horien berri jakin aurretik, Ipar Koreako aginteak iragarri zuen bere indar armatuak alerta egoeran jarri zituela, Kim Jong-il presidentearen aginduz. Piongiangen esanetan, Hego Koreako ontzi andana sartu da Itsaso Horian Ipar Korearenak diren uretan hil honen 14tik 24ra bitartean. Aginte komunistak «probokaziotzat» jo ditu sartzeak, eta berriz halakorik gertatuz gero militarki oldartuko dela ohartarazi du. Seulek, baina, gezurtatu egin du salaketa.

Ipar Koreako armada alerta egoeran jartzearen berria, aldiz, Hego Koreara ihes eginak diren iparkorear talde batek du zabaldu. NKIS Ipar Koreako Gogoetalarien Batasunak dioenez, Ipar Koreako Defentsa ministro O Kuk-ryolek iragarri du armada alerta gorenean jarria dela Kim Jong-il presidentearen manuz. Jardunean diren soldaduez gain, erreserbakoek eta beste segurtasun indarretako kideek agindua jaso dute halabeharrez mobilizazio dei bati ihardesteko. Ildo beretik, Koreako Langileen Alderdiak iragarri du elkarretaratzeetara deituko dituela herritarrak, Mendekuari mendeku, gerrari gerra lelopean.

Arma zaharkituak

Ipar Koreako armada munduko kopurutsuenetatik bat da, milioi bat soldadu inguruk osatzen baitute. Alabaina, arlo militarreko adituek diotenez, haren armamentuaren zati handiena zaharkitua dago. Adituek uste dute, dena den, Ipar Korea ez litzatekeela ausartuko Hego Korearen aurka erasoaldi handi bat egiterat. Ezen, Hego Koreako armada nahikoa eraginkorra izateaz gain, herrialde horretan 28.000 soldadu estatubatuar inguru ere zabalduta daude. Hain zuzen, Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bere tropei agindu die Hego Koreako indar armatuekiko elkarlana handitzeko.

Ipar eta Hego Korearen arteko gatazka giroa areagotu duen gertakaria izan da Hego Koreako Cheonan ontzi militarraren hondoratzea. Nazioarteko ikerketa batek ondorioztatu du 46 marinelen heriotza eragin zuen gertaera hori Ipar Koreako urpeko batek botatako torpedo batek eragin zuela. Horren berri jakin osteanerabaki zuen Hego Koreako presidente Lee Myung-bakek merkataritza harremanak etetea eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan salaketa jartzea.

Txina egitura horretako kide egonkorretarik bat da, eta Seul hura konbentzitu nahian dabil zigorrak babes ditzan. Pekin, baina, uzkur agertu da oraingoz, Ipar Korearen aliatu bakanetatik bat baita aspaldidanik. Gainera, haren kontrako zigorrak hartzeak esan nahi luke Ipar Koreako errefuxiatu andanak Txina alderat ihes egitea. Koreako krisia ere aipagai izan dute egunotan Pekingo eta Washingtongo goi agintarien artean egindako hizketaldietan. Txinako Estatu aholkulari Dai Bingguok honelaxe adierazi du: «Bi aldeok [Txina eta AEBak] aldarrikatzen dugu Koreako penintsularen egonkortasunak berebiziko garrantzia duela».



Txinako eta AEBetako militarburuak batu dira, urtarriletik lehen aldiz

Iragan urtarriletik, Txinaren eta AEBen artekoarlo militarreko informazio trukeak behin-behinean eten zituztenetik, lehen aldiz elkartu ziren atzo bi herrialdeetako agintari militarrak. Pekinek bertan behera utzi zituen harreman haiek, AEBek Taiwani arma gehiago salduko zizkiola iragarri ostean. Ma Xiaotian Txinako armadako komandanteordea pozik agertu zen bilerak berriz hasi izanaz, baina bide beretik, Washingtoni egotzi zion etenaldiaren erantzukizun osoa.

Bestetik AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek energia, merkataritza eta hezkuntza alorreko zazpi hitzarmen sinatu zituen Pekinekin. Horretaz gain Iranen programa nuklearrari buruz ere hitz egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.