THAILANDIA

Sexu berekoen ezkontza onartu du Thailandiako Ordezkarien Ganberak

Senatura eramango dute lege proiektua, eta erregeak berretsi beharko du gero. Ondo bidean, urtea bukatu aurretik indarrean egongo da. Sexu berekoen bikoteek ezkontide heterosexualen eskubide berak edukiko dituzte.

(ID_13739548) THAILAND POLITICS LAWS SAME SEX MARRIAGE
Thailandiako Ordezkarien Ganberako diputatu batzuk, gaur, bozketa egin ondoren. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 27a
11:30
Entzun

Sexu berekoen ezkontza legeztatzeko pauso ia erabakigarria eman du Thailandiak. Izan ere, ordezkarien ganberak horri buruzko lege proiektu bat onartu du gaur, ia-ia aho batez. Laurehun diputatuk alde bozkatu dute, hamarrek kontra, eta bost abstenitu egin dira. Lege bihurtzeko bidean, testua Senatura eramango dute, eta, ondoren, Asia hego-ekialdeko herrialde horretako errege Maha Vajiralongkornek berretsi beharko du. Ondo bidean, urtea bukatu aurretik sartuko da indarrean, ezustekorik ezean.

«Thailandiar guztiengatik egin dugu: gizartean desberdintasunak murrizteko eta berdintasuna sortzen hasteko», nabarmendu du Danuphorn Punnakantak, bozketa egin ondoren. Testua aurrera eraman duen ordezkarien ganberako batzordeko presidentea da Pheu Thai gobernuan dagoen alderdiko diputatu hori. «Historia egitera gonbidatu nahi zaituztet». Bozketaren ondoren, diputatu batzuek ortzadar banderak zabaldu dituzte behe ganberan.

Lege proiektuaren bidez, aldaketa batzuk egitekoak dira kode zibileko ezkontza legean. Esate baterako, jasota dago «gizon baten eta emakume baten artekoa» dela ezkontza, eta proiektua lege bihurtzen bada, jasoko du «bi pertsona» ezkontzen direla. Gainera, ezkontideak ez dira izango «senarra eta emaztea», baizik eta «ezkondutako bikote bat». Sexu berekoen bikoteek, hortaz, ezkontide heterosexualen eskubide berak edukiko dituzte.

2

Asian sexu berekoen ezkontza onartzen duten herrialdeak. Asian bi herrialdetan dago

legeztatuta sexu berekoen ezkontza: Taiwanen 2019an onartu zuten, eta Nepalen iaz. Munduan 35 herrialdetan dago onartuta sexu berekoen ezkontza.

69 milioi biztanle inguru ditu Thailandiak, eta hogeigarrena da munduko herrialderik populatuenetan. Azken urteetan ugaritu egin dira LGTBI kolektiboko kideak eta turistak hara erakartzeko kanpainak. Herritarren %94 inguru budistak dira. Iaz hasita zeuden  gaur onartu dutenaren antzeko lege proiektuez eztabaidatzen ordezkarien ganberan, baina azkenean ez zuten biderik egin, behe ganbera desegin behar izan zutelako maiatzean egindako hauteskunde orokorrak zirela medio. Aurreko abenduan, ordea, behin ganbera berriro osatuta, lau lege proiektu onartu zituzten, eta batzorde bati eskatu zioten bakarrean biltzeko.

«Thailandiar guztiengatik egin dugu: gizartean desberdintasunak murrizteko eta berdintasuna sortzen hasteko. Historia egitera gonbidatu nahi zaituztet».

DANUPHORN PUNNAKANTAPheu Thai alderdiko diputatua

Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak 2021ean ebatzi zuen indarrean dagoen ezkontza legea konstituzionala zela —bikote heterosexualak aitortzen ditu soilik—, bai, baina gomendatu zuen legedia zabaltzea LGTBI kolektibokoen eskubideak ere bermatzeko.

Kritika batzuk

Thailandiako LGTBI kolektiboarentzat, oro har, aurrerapauso bat da lege proiektua onartzea. Mae Fah Luang Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasle eta LGTBI kolektiboko aktibista Nada Chaiyajit, ordea, «penatuta» dago «bukaeraraino» ez direlako iritsi. «Pozik nago, noski, baina hau ez da ezkontza berdintasun peto-petoa: sexu berekoen ezkontza besterik ez da», adierazi dio Nadak Reuters berri agentziari. «Ezkontzeko eskubidea bermatuta dago orain, baina ez familia bat osatzeko eskubide osoa».

Lege proiektua Senatura bidaliko dute, eta, Thailandiako goi ganberako presidente Kamnoon Sidhisamarnen esanetan, apirilaren 1ean, 2an eta 9an eztabaidatuko dute horri buruz. Gero, Senatuko batzorde batek aztertuko du testua, eta, ondoren, osoko bilkurara eramango dute atzera, azken bozketarako.

Joan den urteko maiatzean, hauteskunde orokorretan, Mugitu Aurrera alderdi aurrerakoiak jaso zuen boto gehien. Pita Limjaroenrat hautagaia, ordea, ezin izan zen lehen ministro bihurtu, ez baitzuen horretarako nahikoa babes lortu bi ganberetan. Irailean akordio bat egin zuten Shinawatra familiaren ingurukoek eta militarren aldeko alderdiek, eta Pheu Thai alderdiko Srettha Thavisin izendatu zuten lehen ministro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.