Memoria para la vida lanean, oroimenaren saregileen esperientzia jaso dute. Kolonbian gatazkaren biktima izan diren mila emakumeren testigantzak jasotzen aritu diren saregileenak, eta, zenbait kasutan, biktimenak berenak. Anonimoak dira guztiak. Hemen testigantzetako batzuk:
"Jasandako bortxen ondorioz, uteroko minbizia diagnostikatu zioten"
"Jaso ditudan testigantzetatik gehien erakutsi didana da elkarrizketatu nuen nerabe batena. Legez kanpoko talde armatu bateko kideek bahitu zuten neska gaztea, eta ia hiru urtez esklabo eduki zuten. Sexu esklaboa izan zen, eta denbora horretan guztian, gainera, nerabea bere familia babesten aritu zen. Familiari esaten zion ez salatzeko gertatzen ari zitzaiona, beren bizitza arriskuan jar zezaketelako. Aske utzi zutenean, jasan zituen bortxa eta tratu txarren ondorioz, uteroko minbizia diagnostikatu zioten. Baina beti borrokatu da sendatzeko, eta ez du itxaropenik galdu. Gaur egun, haur baten ama da. Haurren eskubideen alde lan egiten du, eta, sexu gaixotasunei aurre hartzeko, gazte eta nerabeekin lan egiten du. Ondorioztatzen dut bere esperientzia txarrari aurre egiteko ikuspegi baikorra baliatu duela eta zerbait positiboan eraldatu duela".
"Emakumeak berak naturaltzat hartu izan du bortxa"
"Nahiz eta nik aztertutako 35 kasuak ezin diren Kolonbia osora orokortu, herri batean gertatutakoaren adierazle garrantzitsua da. Aztertutako 35 kasuetatik 29k sexu indarkeria jasan zuten. Proportzio hori izugarria da, eta hori eragin zutenak ez ziren beti aktore armatuak izan. Horrek erakusten du zer esan nahi duten emakumeak eta haien gorputzak zenbait gizonentzat eta herri horrentzat, era batera edo bestera indarkeria mota hori baimentzen duelako. Eta izugarriena da normaltzat hartu dutela, ez bakarrik gizarteak edo indarkeria jasan duten nesken familiek, baizik eta emakumeak berak ere naturaltzat jo izan du bortxa. Horrek eragin du emakume bera behin eta berriz bortxatzea. Masiboa eta errepikakorra bihurtzeak asko harritu nau".
"Gerrako estrategia indartsua da bortxa"
"Sexu indarkeriari buruzko kasuetan gehien harritu nauena da gerrako estrategia indartsua dela bortxa, eta emakumeek naturaltzat hartzen dute gainera, errudun sentituz edo lotsatuz hori gertatu zaielako. Askok diote gerraren biktima direla, baina gertatu zaiena ez dute ulertzen giza eskubideen urraketa gisa talde paramilitarrek aurrez pentsatutako ekintza bortitz gisa".
"Bizitza osorako markatzen duten minak dira"
"Ia ez dit lotsarik ematen aitortzeak nire familian, belaunaldiz belaunaldi, aitonaren aldetik familiako emakume guztiak bortxatuak izan garela. Eta nire anaiek, beldurraren edo lotsaren eraginez, ez zuten ezer esan. Historia kontatzeko aukera izateak gertatutakoari aurre egiten lagundu dit, gogoeta egiten, nire ahizpekin hitz egiteko aukera eman dit. Penarik gabe nire amarengana gerturatzeko; nik errua botatzen nion ezer ez egiteagatik, eta hura ere bortxatua izan zen. Bizitza guztirako markatzen duten minak dira. Sexu erlazioak ukatzen dituzu bizitza osorako. Min horrek hurkoen absentziak eta galerak gainditzen ditu. Eta ezin da onartu estatuaren axolagabetasuna kalte hauei aurre hartzeko, aitortzeko eta errudunak zigortzeko".